Era berean, Ekaitz Ruiz Cossio kadete erandioztarra txapeldunordea izan zen, eta, taldeka, Sopelako Munarriko eta Berangoko atletismo eskolako emakumezkoak ere bigarren geratu ziren, kategoria absolutuan eta kadeteetan, hurrenez hurren. Podiumeko azken lekua honako hauek zapaldu zuten: Ane Aranaga Gutierrez Munarriko kidea, kadeteetan; eta Zaloa Alvarez Aurre Berangoko taldekoa, gazte mailan.
Erandioko Atletismo Eskolak jakinarazi duenez, euren mutil kadeteen hurrengo helburua EAEko txapelketa izango da, hilaren 31n, Donostian. Bertan, txartela zuzena lor dezakete Espainiako txapelketarako, otsailean jokatuko dena.
Erandioko gaztetxoak
Bestalde, kimu eta haur erandioztarrek emaitza onak izan dituzte orain arte, Bizkaiko Eskola Kros Txapelketetan. Abanto eta Usansoloko proben ostean, lehiaketa erdibidean dago eta beste bi lasterketa baino ez dira falta. Honako hau da erandioztarrek orain arte lortutakoak:
- Emakumezko kimuek Trianoko auzoko eta Usansoloko probak irabazi zituzten taldeka, eta Haizea Vilanovak ere garaipen bat lortu zuen. Denera, 156 neskato eta 20 talde lehiatzen dabiltza.
- Gizonezko kimuak jokatutako proba bietan ere nagusitu eta Juan Abaituak biak irabazi ditu norbanakoetan. Guztira, 16 taldek eta 137 mutikok parte hartzen dute.
- Gizonezko haurretan, Miguel Abaituak orain arteko proba biak irabazi ditu, 90 mutikoen artean.
Datorren domekan izango da Muskizen txapelketa horren hirugarren proba. Erandioko Atletismo Eskola baikorra da, "orain arteko ibilbide apartagaz" jarraituz gero, "Erandioko eskolako umeek lurraldeko beste 4 titulu lor" ditzaketelakoan baitaude. Halere, gogorarazi dute emaitzak, bikainak izan arren, "bigarren planoan geratzen" direla, "gure helburu nagusia kirolariak heztea baita". Alde horretatik, "mutikoen eta neskatoen arreta eta ahalegina" baloratzen dutela azpimarratu dute, "lor ditzaketen emaitzez aparte".
Bitartean, Erandioko Atletismo Eskolak izen-emate epea zabalik mantentzen du 2010ean edo aurretik jaiotako neska-mutilentzat. Horretarako, honako posta elektronikora idatz daiteke: atletaerandio@telefonica.net