Bizkaiko Foru Aldundiaren babesaz baliatuta, Alkarbidek (Bizkaiko euskara teknikarien bilguneak) koordinatu duen ekimen honetan, liburuxkak banatuko zaizkie kanpainan parte hartu duten udalerrietako 2-3 urteko umeak dituzten 7.000 gurasori.
Aurten ere, kanpainari buruzko iritzia jasotzeko inkesta bidaliko zaie hartzaileei. Inkesta horren bidez, kanpainari buruzko iritzia emateaz gainera, gurasoek kezkak eta zalantzak ere helarazi ahal izango dizkiete euskara zerbitzuetako arduradunei; inkesta betetzen duten denen artean euskarazko produktuen sorta zozketatuko da.
Helburua
Umeak eskolan lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoei D ereduari buruzko informazioa ematea eta eredu hori aukeratzeko arrazoiak azpimarratzea.
Kanpainaren edukia
Kanpainaren osagarri nagusiak bost dira:
- Udaleko ordezkariren batek sinatutako gutuna, euskarazko ereduetan ikasteak dakartzan abantailen berri ematen duena.
- Inkesta. Gurasoek kanpainari buruz duten iritzia eta gaiaren inguruan dituzten kezkak eta zalantzak jaso ahal izateko. Inkesta betetzen duten guztien artean euskarazko produktuen sorta zozketatuko da.
- D eredua aukeratzeko arrazoiak azaltzen dituen triptikoa.
- Eskolan hasiko diren neska-mutikoentzako oparia (kanpainaren leloa idatzita duen neurgailua).
- Kanpainako euskarri denak sartzeko gutun-azala.