Getxoko EH Bilduk, gainera, gaur goizeko ustezko maniobra militarrak "arbuiatzeko" mozioa sartuko du osoko bilkuran, "gure kaleetan indar armatuen presentzia eta maniobrak, eta, bide batez, Espainiako Defentsa ministroari protesta ofiziala bideratzeko".
Koalizio abertzaleak gogoratu duenez, ez da lehenengo aldia armadak "herritarron borondatearen gainetik inposizioaren erakustaldi bat egiten duela" gure kaleetan, "herritarron segurtasuna arriskuan jarriz eta artega eta beldurra eraginez".
Gerra-jokoak ezin direla "onartu" salatu du EH Bilduk. Hori dela eta, indar armatuen presentzia eta maniobrak arbuiatzeko, Defentsa ministroari protesta ofiziala bideratzeko eta Getxo udalerri antimilitarista eta bakezalea aldarrikatzea eskatuko dio koalizio abertzaleak Udalari.