Uribe Kosta, 6,25 metroko lerrotik
Uribe Kosta bada nor Bizkaiko saskibaloian. Klub garrantzitsuak baditu, berbarako: Getxo, Leioa, Ugeraga edo Askartza. Eta horiekaz batera, baloiak saskira botatzeko hamaika talde eta neska-mutil asko eta asko batzen da honako klubetan ere: Erandio-Altzaga, San Nikolas, Gaztelueta, Bilbao Basket Erandioko Zale Taldea, Gaztelueta, Irlandesas, Romo’ko Ezkorak, Andra Mariko New Team, Ander Deuna, Txomin Aresti, Azkorri, Altzaga, Jado, San Bartolome, Betiko, Zipiriñe, Berango School, Europa, Trinidad...
Horiek guztioriek badute zer ospatu aurten, Bizkaiko Saskibaloi Federazioak 75 urte bete dituelako, eta federazioak antolatuko dituen 20 ekimenetako askotan parte hartzeko aukera izango dutelako.
German Monge Bizkaiko Saskibaloi Federazioaren presidenteak azaldu ditu 75. urteurrenerako Federazioak prestatu duen programaren jarduera nagusiak. Denera, hogei bat ekimen egingo dituzte 2016an. Eskualdean haietako bat egingo da: uztailaren 16an eta 17an Hondartza-saskibaloiko Lehenengo Txapelketa egingo dute Sopelan, Ugesaski Kirol klubaren eta Sopelako Udalaren elkarlanari esker.
Era berean, 75. urteurrenaren logoa duten pegatina ezabagaitzak banatzeari ekin dio Federazioak, talde denek saskietan txerta ditzaten. Gainera, 2016ko eskola-baloiaren diseinua otsailerako deitutako lehiaketa publikoan erabakiko da: urteurrenagaz lotuta egongo da. Hori egin ostean, 3.000 baloi baino gehiago banatuko dituzte zentro denen artean, urteurrena ospatzeko diseinu bereziagaz.
Hezibidean dabiltzan klubek oroimenezko domina ere eskuratu ahal izango dute, Bilbao Basket, Gernika Bizkaia edo Bilbao BSRgaz lehiatuz gero. Hiru taldeek elkarren segidan jokatuko dute martxoaren 20an. Ordurako, talde horiek urteurreneko kamiseta bereziak izango dituzte. Arreta handiagoa isiotuko du Harlem Globetrotters talde mitikoak; maiatzaren 19an jokatuko dute Bilbao Arenan. Beste ekimen bat izango da urrezko baloi erraldoia paratzea federazioaren egoitzan, aurten eta datorren urtean Bizkaian federatutako jokalariek sinatzeko aukera izan dezaten.
Gazte eta kadeteen finalak
Halaber, 75 urteotan lehenengo aldiz, Bizkaiko gazte eta kadeteen finalak elkarren ondoan egingo dituzte, jai-giroan, Casilla pabiloian. Gazteen finalak apirilaren 29, 30 eta maiatzaren 1ean izango dira; eta kadeteenak, aldiz, maiatzak 6, 7 eta 8an. Ikusgarria izango da saskibaloi bizkaitarraren gainean apiril eta maiatzean Bilbon egingo duten atzera begirako erakusketa. Ildo horretan, Angel Gil de Celis federazioaren idazkariak ekainean aurkeztuko du prestatzen dabilen liburua. Dokumentala ere egingo dute.
Bestalde, pasa diren 75 urteei aurpegia ipintzearren, urte bakoitzeko jokalari bategaz 1941 eta 2016 bitarteko talde-argazkia aterako dute Bizkaia frontoian. Azkenik, ekainaren 17an, 75. urteurrenaren gala egingo dute Euskalduna Jauregian.