Hasi samak berotzen!

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 27a, 19:56

Goiz-eguerdian eskolatik aterako dira gaztetxoenak.

Makilak lur joka laster, lozorrotik itzartzeko. Agate Deuna martiari gorazarre egiteko garaia ere bada. Hala, urtero legez, koru-jaialdi eta lehiaketak antolatu dituzte Getxon, Leioan eta Sopelan. Gainontzeko herrietan hainbat hitzordu jarri dituzte kantuan ateratzeko.

Getxoko Udalak Agate Deuna Koru Jaialdiaren 29. edizioa antolatu du egun horren bezperarako; otsailaren 4rako, alegia. Hilaren 21era arte egon da izena emateko aukera. Taldeek arrastian kantatuko dute, 18:00etatik 21:00etara bitartean, gune bitan: lehenengoa, Itzubaltzeta/Romo eta Areeta auzoetan, Xake plazatik abiatuta; eta bigarrena, Algorta eta Andra Marin, Telletxe plazatik hasita. Gainera, lehenengo guneko abesbatzak Xake plazan batuko dira 20:00etan, denen artean emanaldia eskaintzeko. Bigarren gunekoek beste horrenbeste egingo dute Telletxen.

Leioan, 27 urte beteko ditu aurten Santa Ageda Kantuen Lehiaketak. Ohi den legez, 16 urtetik beherakoak goizean zein arrastian ibiliko dira; hortik gorakoek arratsalde-gau partean abestuko dute. Besteak beste, bost kanta-eremu ezarri dituzte, talde bakoitzak gehien komeni zaiona aukera dezan. Ondokoak dira: Lamiako, Pinueta, erdigunea, San Bartolome eta Udondo. Halabeharrez kantatu beharreko hainbat leku egongo da eremu bakoitzean. Bestalde, gutxienez, 12 partaide eduki beharko ditu talde bakoitzak; kontuan hartuko dira kantarien janzkera eta girotzea, oro har. Urtarrilaren 29ra arte dago lehiaketan izena emateko aukera, Kultur Leioan. Sariei dagokienez, hurrenez hurren, 350, 250 eta 175 euro jasoko dituzte lehenengo hirurek. Halaber, oinarriotan ezarritako betekizunak betetzen dituzten abesbatzek 60 euro izango dituzte. Sariak otsailaren 6an, zapatua, banatuko dituzte, 12:00etan, Kultur Leioan.

Sopelan ere kantu lehiaketa egingo dute otsailaren 4an; izen-emateak aurreko egunera arte egin daitezke, Kurtzio kultur etxean. Hala, gutxienez, 10 lagunez osatuta egon beharko dute taldeek; partaide denek sopeloztarrak izan beharko dute. Maila bi egongo dira: batetik, 18 urtetik beherakoak; eta bestetik, adinez nagusiak. Kategoria bakoitzean sari bana emango dute: 150 eta 250 euro, hurrenez hurren. Bestalde, baserritarrez jantzita abestea beharrezkoa da. Halabeharrez, ondoko lekuetan egin beharko dute kantatuan: Larrabasterrako Urgitxieta plazan 12:00etan; edo, udaletxeko plazan 18:00etan. Baita ondorengo tabernetan ere: Laiak, La Kala, Urbaso, Setien, Señe eta Irubide.

Kantaldiak

Plentzian kantaldia antolatuko du Uda­lak egun horretarako. Horrenbestez, arrastian, 18:00etan, Ontziola plazan batuko dira abesteko asmoagaz. Gero, ondoko ibilbidea jarraituko dute: Erribera, Barrenkale, Artekale, Goenkale, Azurtegiondo plaza eta Elizako plaza. Azken geraleku horretan, 19:00ak aldera, txokolatea eta bizkotxoak eskainiko dizkiete herritarrei.

Azkenik, Barrikan, otsailaren 6an (zapatua) aterako dira abestera, goizeko 09:00etan, udaletxeko plazatik; 15:00ak arte ibiliko dira auzoz auzo eta baserriz baserri. Orain dela lau urte, Aita Gotzon abesbatzako hainbat kidek herrian erdi galduta zegoen Agate Deunaren kanta-ibilaldia berreskuratu zuten; baina, hilaren 4an beharrean, osteko zapatuan ibiltzen dira kantu-jiran. Gaur egun, 25 bat lagunek parte hartzen dute. Aurten,  kantaldiaren ostean, herri-bazkaria (porrusalda, solomoa, postrea eta edaria) edukiko dute batzokian, 15 euroren truke.

Hainbat hitzordu

Getxo

Taldeak Areetako Xake eta Algortako Telletxe plazetan batuko dira 20:00etan guztien arteko emanaldia egiteko.

Leioa

Goiz zein arratsaldez ibiliko dira taldeak ondoko guneetan: Lamiako, Pinueta, erdigunea, San Bartolome eta Udondo. Urtarrilaren 29ra arte dago izena emateko.

Sopela

Urgitxieta plazan, 12:00etan, edo udaletxeko plazan, 18:00etan, abestu beharko dute taldeek. Otsailaren 3an amaituko da izena emateko epea, Kurtzio kultur etxean.

Plentzia

Kantaldia egingo dute, 18:00etan Ontziola (Astillero) plazatik abiatuta; 19:00ak aldera, txokolatea eta bizkotxoak banatuko dituzte Elizako plazan.

Barrika

Otsailaren 6an abiatuko dira, 09:00etan, udaletxeko plazatik; 15:00ak arte ibiliko dira auzoz auzo eta baserriz baserri. Ondoren, bazkaria egingo dute batzokian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun