Azaldu dutenez, agenda komun horren helburua da Gorlizko eta Plentziako herritar euskaldunak "elkartzea eta euskaldunon sare hori ugaltzea"; "baita euskararen erabileraren normalizazioa lortzea ere, esparru guztietan".
Horretarako, mota askotariko ekintzak hartuko dituen urte osoko agenda prestatuko dute laster. Jakinarazi dutenaren arabera, agenda horrek lau zutabe garrantzitsu izango ditu: soziolinguistika edo hizkuntza bera; literatura edo sorkuntza; kultura; eta historia edo ondarea. Bestalde, Euskara Agenda horren irudi nagusia izango den irudia edo logoa aukeratzeko lehiaketa antolatuko dute. "Logo edo irudi horrek bi herrien arteko lotura eta euskararekiko lotura ere islatu behar du", azaldu dute antolatzaileek.
Aurkezpen-ekitaldia
Logo edo irudi lehiaketaren, Euskara Agenda beraren eta lehendabiziko ekintzaren aurkezpena egingo dute gaur, hilaren 29an, Plentziako Danontzat gaztetxean. Hitzordua arrastiko 07:00etan ipini dute, eta horren ostean, Rafa Rueda eta Gotzon Barandiaranen ikuskizuna egongo da: "Gure imaginarioa kantagintzaren bitartez eraikitzen. Euskal Herriaren Historia kantetan".