Pasa den urtarrilaren 23an eta 24an jokatu zen mutil kadeteen Bizkaiko Txapelketako lauko finala, Bermeon. Urduliz Eskubaloia elkarteko mutil kadeteek Bizkaiko titulua lortu, eta aurretik ligan eskuratutakoagaz batu zuten. Bermeoko lehenengo partidan, finalaurrekoetan, 33-18 nagusitu zitzaizkien Escolapioseko jokalariei. Finalean, Gasteizko Corazonistas erabat menpe hartu, eta garbi-garbi gainditu zituzten, 42-16. Kontuak hala, kadeteak Euskal Ligara igotzeko promozioan sartu ziren, eta pasa den aste-akabuan etxean berretsi zuten aurten erakutsitako sasoi ona. Urdulizko Iparralde kiroldegian jokatutako hiru partidetan hartu zituzten mendean Basauri, Donostia eta Gasteizko taldeak, Euskadiko Txapelketarako lekua eginez. Titulu hori zailagoa izango da, aurrean Euskal Ligako talde historikoak izango baitituzte, Bidasoa eta Errenteriako Ereintza esaterako.
Neska gazteen Bizkaiko txapelketan, berriz, Berangokoak izan ziren basauriarren lehenengo biktima, Basaurin bertan. Hegouribetarrek Uribe Kostako derbia zapuztu zuten txapeldun bihurtzeko bidean, baina eskualdekoek podiumeko beste leku biak hartu zituzten. Urdulizko neska gazteen taldea txapeldunorde geratu zen: Muskiz gainditu arren, ezin izan zioten eutsi Indupime Basauriren erasoari. Berangoztarrek Meatzaldeari irabazi zioten kontsolamendu finalean. Promoziorako lekua lortuta, Urdulizko emakumeek ez zuten gauzatu Oñatiko Aloñamendiren aurka izan zuten aukera, eta Bizkaiko Kopa izango dute hurrengo helburua.
Azkenik, Urdulizko mutil gazteak Bizkaiko hirugarrenak izan ziren, etxean jokatu zuten txapelketan.