Abisu eta alerta meteorologikoen sisteman aurreikusitako altuena da gorria, aparteko indarra duten fenomenoetarako gordeta dago. Hala, oso gutxitan ezartzen dute. Azkenekoz, duela ia urte bi aktibatu zuen Eusko Jaurlaritzak, 2014ko martxoaren 3an, hain justu (orduan ere itsas-bazterrean zegoen arriskua zela eta).
Itsasaldeko arriskua dela eta, bi alerta laranja daude indarrean. Bata, gaur 18:00etatik hasita, kostaldeko arriskuagatik, eta bestea, martitzen osoan indarrean egongo dena, nabigazio arriskuagatik.
Haize ufadengatik ere abisu horia ezarri dute 21:00etatik biharko 18:00ak arte. Izan ere, 100 kilometro orduko haize ufadak espero dira, babesik gabeko lekuetan, eta 80 kilometro ordukoak, babestutako eremuetan.
Euskalmeten arabera, bestalde, ondorengo orduotan marea biziak ere izango dira euskal kostaldean, eta, beraz, horrek bat egingo du olatu handiakaz. Denboraleak euria ere ekarriko du, batez ere, bihar egun osoan.
Babes Zibilaren udal plana Getxon
Getxoko Udalak, bestalde, Babes Zibilaren udal plana (0 fasean) jarri du indarrean, krisi mahaia deitzeagaz batera, Eusko Jaurlaritzak olatuengatik iragarritako alerta laranjaren aurrean.
Aurrekoetan bezala, Udalak SMS mezuak bidaliko dizkie arrisku guneetako (Kirol Portua, Ereagako hondartza eta Portu Zaharra) merkatariei eta ostalariei, eta kartelak jarriko ditu, alertaren eta jarraitu beharreko gomendioen berri emateko.