Baque-Camposek errusiar bat fitxatu du

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 11a, 19:35

Alexey Ryabkin txirrindulari errusiarra. © BAQUE-CAMPOS

Alexey Ryabkin txirrindulari errusiarrak Baque-Camposen maillota jantzi du. Ryabkin martitzenean batu zen Berango, Erandio eta Leioako 23 urte azpiko taldera. Errusiarrak aste-akabu honetan estreinatuko da taldekideakaz Ipar Euskal Herrian, Essor euskal txirrindularitza taldeak antolatuko duen Essorren Bost Egunetako lehenengo etapa bitan. Zapatuan, Bokale (Lapurdi) eta Tarnose (Landak) arteko 117 kilometro egingo ditu; eta domekan, Akamarre (Nafarroa Beherea) eta Kanbo (Lapurdi) arteko zirkuituan jardungo du, 120 kilometro bete arte.

Ryabkinek azaldu duenez, "nire talde berriagaz gauzak ondo egin gura dut: ahal dudan heinean kideak lagundu eta garaipenak lortzen ahalegindu, gehiago laguntzearren. Ondoren, posible bada, profesionaletara jauzia eman gura nuke".

Txirrindularia Errusiako Jekaterinburg hirian jaio zen, Uraletako Barruti Federalean. 2011n, Kantabriako Besayako bira irabazi zuen. Urte bi beranduago, Itera-Katusha taldeagaz profesionaletara igo zen, 2014an, Continental Team 21egaz jarduteko. Iaz, Errusiako 23 urte azpikoen txapelketan zortzigarren geratu zen. Gainera, Arabako Infisport-Alavanet taldeagaz, Duranako Eusebio Velez Sarian bosgarrena izan zen. Postu berdina lortu zuen Palentziako Vueltaren sailkapen nagusian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun