Expobaby & Kids azokaren 2. edizioaz gozatzeko aukera BEC-en

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 17a, 20:02

Otsailaren 19tik 21era bitartean, Expobaby & Kids azokak puerikulturagaz erlazionatutako tailer- eta berbaldi-egitarau zabala jasoko du, etorkizuneko gurasoei eta 12 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiei zuzendutako.

Tailer eta berbaldi horiek izango dira, inolako zalantza barik, Expobaby & Kidsen aurtengo edizioaren puntu erakargarri nagusiak. Lehenengoen artean azpimarragarria da Mercedes Aguirre Lipperheide Biologian doktorearen esku-hartzea, “Gure seme-alaben burmuina ezagutzea eta elikatzea” gaiaren gainean. Argitaratu berri duen liburuak izenburu hori daroa, gaztelaniaz, “Conocer y alimentar el cerebro de nuestros hijos”. Bertan, elikadurak umeen eta nerabeen garapen kognitiboan eta emozionalean duen garrantzia landu du. Aguirre doktorea aditu ospetsua da elikadura, gehigarri eta osasun alorretan, eta argitaratu duen azken lanak, gurasoei, tutoreei edo umeakaz lan egiten duten profesionalei laguntzeko gidaliburua izan gura du, ikasketa-arazoak dituzten umeei laguntzeko, batez ere. Berbaldia otsailaren 20an, zapatuan, izango da, 19:00etan, Nua Biological Innovations standean.

Aguirre doktoreak emango duen hitzaldiagaz batera, Expobaby & Kidsen aurtengo edizioko berbaldietan hainbat gai landuko dituzte, horien artean “Bularreko umea eta elikadura artifiziala”, bularra ematea ezinezkoa denean umea elikatzeko alternatiba onenei buruzkoa; beste gai askori buruzko erakusketak eta azalpenak ere izango dira. Besteak beste, umeen segurtasunaren gaineko berrikuntzak, umeen segurtasuna ibilgailuan eta etxean; Algortako Muxuz Muxu dendak eskainitako berbaldiak "Kotoi organikoaren onurak ume jaio berriengan"; "Umeentzako oinetako erreflexologia"; erditzea prestatzeko AIPAP modeloa; edo haurtzaroan ohikoak diren hainbat arazoetarako (zorriak, katarroak, nekea edo lo egin ezina) konponbide naturalei buruzko hitzaldia, besteak beste.

Algortako Muxuz Muxu eta Leioako Hydrartea zentroek hainbat tailer eskainiko dute azokan: berbarako, "Kotoi organikoaren onurak jaio berriengan", "umeentzako oinetako erreflexologia", "ume jaioberriak eramateko gailuen erabilera eta onurak" edo "igeri egiten goiz ikastearen onurak".

Doako tailer horiek beste pizgarri bat dira guraso izango direnentzat edo ume txikiak dituzten familientzat. Horrela, Expobaby & Kidsek eskaintza interesgarria prestatu du azokak irauten dituen hiru egunetarako. Bizkaiko Maternaly etxeak, haurdunaldian, erditze ostean eta familian espezializatutakoak, eskainiko du “Egin dantzan zure umearekin” izeneko tailer berritzailea; hiru eta 18 hilabete bitarteko umeentzat dago gomendatuta. Jarduera horretan parte hartu gura duten gurasoei gomendatu diete tailerrera fularren bategaz, motxilaren bategaz edo umeak eroateko beste gailuren bategaz joateko. Dantza latindarrez osatutako hainbat koreografia erabiliko da, umeagaz dantza eginez gozatzeko eta, aldi berean ariketa aerobikoa egiteko. Zapatuan eta domekan izango da, otsailaren 20 eta 21ean, 18:15etik aurrera.

Beste zenbait tailer ere eskainiko da, berbarako; hilabete bat eta 12 hilabete bitarteko umeentzako masajea; erditzea bikotean prestatzea; ume jaio berriaren estimulazio sentsoriala, 3 eta 14 hilabete bitarteko umeentzat egokitutako jolasen eta jardueren bitartez; erditzea prestatzeko AIPAP modeloari buruzko berbaldia; edo “SOS, nire umea heldu da etxera” izeneko tailerra, ume jaio berrien ezaugarri fisikoei eta behar emozionalei buruzkoa.

Aisia, ikasketa eta hezkuntza lantzen dituen A+D guneak martxan jarriko du aisia eta ikasketa eskaintza , 2 eta 13 urte arteko umeei zuzendua. Sorkuntza tailerrak 48 ordutan egingo dira, hiru hizkuntzatan (gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez). Lehen haurtzaroko umeei (2 eta 4 urte bitartekoak) zuzendutako tailerrak emango dituzte, eta baita 5 eta 13 urte bitartekoentzako zenbait denbora-pasa ere, buru-aritmetikako tailer berezia barne, daborduko ohikoak diren aurpegiak margotzeko jarduerakaz batera. Hainbat sari zozketatuko dira, horien artean umeentzako motor bat eta bizikleta bi. Jarduera horiek ostiralean 17:15etik 19:45era eta zapatuan zein domekan 10:45etik 19:45era izango dira; tailer bakoitzean, gehienez ere, 15 umek hartu ahal izango dute parte. Hori dela eta, aurreikuspenen arabera, hiru egunetako tailerretan 700 ume baino gehiagok parte hartu ahal izango du.

Gainerako tailerrek aukera zabala eskainiko dute: ume jaioberriak eroateko gailuen erabilera eta onurak; igeri egiten goiz ikastearen onurak Leioako Hydrartearen eskutik; edo ume jaioberrientzako azal-azal kamiseten erakusketa, besteak beste.

Haurrentzako tailerra

Expobaby & Kidseko bigarren edizio horretara joateak beste abantaila batzuk ere izango ditu: zenbait beherapenez gozatzea, hainbat lehiaketatan eta zozketatan parte hartzea, edo ume txikiak dituzten familientzat pentsatutako zerbitzu-eskaintza zabala izatea. Zerbitzu horietako batzuk dira honakoak: bularra emateko edo fardelak aldatzeko gelak –Eroski taldeak babestuta, produktu horren marka zuri berria aurkeztuko baitu–, ume jaioberriarentzako jatetxea, katamarka ibiltzeko pista eta Txiki Parkea, gurasoek standak bisitatzen dituzten bitartean edo kafetegian indarrak berreskuratzen dituzten artean txikienek eskuzko lanak egin ditzaketen gunea.

Berbaldiei, ordutegiei eta tailerrei buruzko informazio guztia Expobaby.com webgunean edo Expobaby & Kidsek Facebook eta Twitter sare sozialetan duen profiletan topa daiteke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun