Ondoren, finalerdiak jokatuko dituzte kanporaketetako irabazleek. Martxoaren 2an, Arratzun, eta 8an, Zallan, erabakiko da zeintzuk jokatuko duten finala. Arratzun, lehenengo eta bigarren kanporaketetako irabazleak lehiatuko dira, eta Zallan, ostera, hirugarren eta laugarren kanporaketetakoak. Ohiko moduan, Bilbon jokatuko da sariketako final handia, Kafe Antzokian, martxoaren 18an, barikua, arratsaldeko 19:00etan. Aurten, irabazleei saria dirutan eman beharrean, parte-hartzaile guztientzako plan bat egongo dela aurreratu dute antolatzaileek.
Talde berria: Uribe Butroe
Aurten, gainera, talde berri bat egongo da: Uribe Butroe. Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, Uribe Butroen beti egon dira bertsolariak. Orain arte, Uribe Kostagaz batera parte hartu izan dute eskualde horietakoek eta aurten talde independentea ateratzeko beste kide batu dituzte. Beraz, ondokoak izango dira aurtengo taldeak: Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri/Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe Butroe eta Uribe Kosta.
Talde bakoitzak sei kide dauzka, guztira 48 neska-mutil beraz. Hala ere, talde batzuek kide gehiago ere batu dituzte, txandaka kantatzeko; 56 parte-hartzaile daude izena emanda guztira. Multzo bitan banatzen dituzte bertsolariak: 18 urtera artekoak eta 18 eta 24 bitartekoak. Saioetan nork bere aldetik kantatzen dute adin batekoek eta bestekoek; eta amaieran puntuazioak batzen dira.