Pasa den urtean hamaika komunikabiderekin eta publizitate agentziarekin, modu parte-hartzailean, garatu zuen Emakunde barruko BEGIRAk (Publizitate eta komunikazio ez sexista erabiltzeko Aholku Batzordea) urrian aurkeztu zuen “Euskadin publizitate eta komunikazio ez sexista egiteko kode deontologiko eta autoerregulaziokoa”. Gaur goizean, horri atxikimendua adierazi diote 51 hedabide eta publizitate-agentziak, horien artean, HIRUKAk.
Kodeak berak jasotzen duenez, "publizitate-agentziak eta komunikabideak sozializaziorako eta balioen transmisiorako eta aldaketarako eragile garrantzitsuak gara gure gizartean, funtsezkoak berdintasun-maila handiagoko gizarte baterantz doan iritzi publikoa sortzeko".
Hartu diren konpromisoetako batzuk, labur-labur esanda, hauek dira: emakumeen eta gizonen berdintasunarekiko konpromisoa; Diskriminazio ezarekiko konpromisoa; emakumeak ikusgai egiteko konpromisoa; Dibertsitatea ikusgai egiteko konpromisoa; estereotipoekin eta zenbait balio, jakintza eta ezaguera esklusiboki emakumeei edo gizonei egoztearekin amaitzeko konpromisoa; Indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko konpromisoa; emakumeen eta gizonen berdintasunarekiko konpromisoa, baita enpresa barruan ere; eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren inguruan prestatzeko eta sentikortzeko konpromisoa.
Publizitatearen esparruko kode etikoetan honako konpromiso hauek jaso dira, besteak beste: "ez iradokitzea diskriminazio-inguruabarrik, sexu-diskriminazioa barne, eta, merkataritza-helburuak eta zilegi den eragin-nahia gorderik betiere, emakumeen eta gizonen berdintasuna garatzeko aukerak mugatuko ez dituen diskurtso bat sortzea".
Halaber, akorduan izan, arlo honetan, HIRUKA Koop. Elk.-k sortzez balio hauek dituela:
-Genero ikuspegia garrantzitsua da guretzat eta sexuen arteko parekidetasuna landuko dugu: emakumeei entzun eta ikusgarritasuna eskainiz gure hedabideetan, eta parekidetasuna ziurtatuz erabaki organoetan.
-Plurala. Ideologia jakinen mendeko izan barik, pertsona guztiekiko begirunea eta eskubideen defentsa gure ezaugarriak dira: ideologia, sexu, erlijio edo bestelako arrazoiengatik sortutako diskriminazioen aurka jokatuko dugu.