Euskal kostaldeko altxorrez goza daiteke gaurtik aurrera Getxon eta Plentzian

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 1a, 12:17

Euskal Kostaldeko Altxorrak programaren aurkezpena, Bilbon. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

“Euskal kostaldeko altxorrak” programaren IV. ekitaldia abian ipini du gaur Euskal Kostaldeko Museoen Sareak. Martxoan hainbat ekimen izango dira Algortan, Areetan eta Plentzian.

Euskal Kostaldeko Museoen Eguna ospatzeko programa zabala abiatu du gaur Euskal Kostaldeko Museoen Sareak. Ekimenak Euskadiko kultur eta natur ondarea nabarmendu eta sustatzea du helburu, baita euskal kostaldean dauden zentroak eta haien kultur eskaintza aurkeztea ere. “Euskal kostaldearen altxorrak” goiburuagaz, modu denetako eta mota guztietako ikusleei zuzendutako 150 jarduerak baino gehiagok osatutako programa zabala aurkeztu dute Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeek: familientzako tailerrak, umeentzako jokoak, bisita gidatu bereziak, doako sarrerak, dastatzeak, txalupaz txangoak, eta zuzeneko ikuskizunak, eta abar, eta abar. Basquetour-ek bultzatutako ekimena da, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien laguntzagaz.

Museoen Eguna, Uribe Kostan

Algortako Kirol Portuko Getxo Aquariumek doako sarrera eskainiko du martxoaren 20an, domeka, aurretik emandako gonbidapen bitartez. Txartel horiek eurei emailez edo Facebook bidez, eta hainbat hedabideri eskatu ahal izango zaizkie. Bisitak 10:30ak eta 20:00ak bitartean egin beharrekoak izango dira. Bestalde, ikastetxeen artean lehiaketa bat prestatuko dute, eta sarituak Getxo Aquariumen doako bisita gidatua irabaziko du martxoko beste egun batean.

Udalerri berean, baina Areetan, Bizkaiko Zubiak bisita gidatua antolatuko du martxoaren 10erako, 19:30etik aurrera eta ordubeteko iraupenagaz. 20 lagunentzako lekua baino ez dagoenez, aurretik izena eman beharra dago. Hilaren 15ean, ordea, deskontua izango da. 10:00ak eta 19:00ak bitartean, goiko pasarelatik Ibaizabal zeharkatzea prezio erdian utziko dute: 3,50 euro, aurretik inskribatuz gero. Azkenik, Plentzian, hondoratutako itsasontzien erakusketa doan bisitatu ahal izango da hilabete osoan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun