Amurrioko (Araba) epaitegi batek bertako Udalak Manos de Accion Solidaria GKEaren kontra jarritako salaketa ikertzen ari da, EAEko hainbat erakunderi ustezko iruzurra egiteagatik.
El Mundo egunkariak zabaldu duenez, Bilbon egoitza duen GKE horrek 200.000 euro baino gehiagoko diru-laguntzak jaso zituen existitzen ez diren proiektuak egiteko Afrikan, ospitale bat eraikitzea, berbarako. Horren arduraduna P.J.N. ginear-espainola deklaratzeko deitu dute, baina ihes egin du; auzitegiak hura bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman du.
Egunkari espainolak zabaldutako informazioaren arabera, honako erakunde hauek diruz lagundu zuten Manos de Accion Solidaria: Bilbo, Barakaldo, Basauri, Erandio, Galdakao, Getxo, Gernika, Lezama, Muskiz eta Sopela, Bizkaian; Amurrio eta Laudio, Araban; eta Andoain, Hernani, Lazkao, Oñati eta Billabona, Gipuzkoan. Bizkaiko Foru Aldundiak ere diru-laguntzak eman ei zizkion. Halere, HIRUKAk jakinarazi ahal izan duenez, Getxoko eta Sopelako udalek ez zioten GKE horri inolako diru-laguntzarik eman.