Bilbo eta Bizkaiko erakustokiak Be Basque izena izango du; lau egunetan hainbat jarduera egingo dute gunea dinamizatzeko. Berbarako, bihar, eguenean, "Big Waves in the Basque Country" dokumentala ikusi ahal izango dute bertaratutakoek. Dokumentalean, irudi ikusgarrien bidez, ibilaldi bat egiten da euskal kostaldean zehar, eta olatu handietan surfa egiteko leku egokienak ikus daitezke. Txus Delgado dokumentalaren zuzendariak berak azalduko du nola sortu zen dokumental hori egiteko ideia, Galeako olatu handien surf-txapelketako 2013. urteko edizioa egiten zebiltzanean. Txapelketak garrantzi handia hartu du, Big Wave Tour munduko zirkuituan sartu baitute, nahiz eta eguraldiagatik azken proba bertan behera utzi behar izan zuten; zirkuitu hori munduko espezialista handienentzat da, eta Getxokoa da Europan egiten den proba bakarra.
Etzi, barikuan, Be Basque markaren standera hurbilduko direnek aukera izango dute berbaldi bat entzuteko eta Mikel Garaizabal enologoaren eskutik Bizkaiko Txakolina dastatzeko.
Parisko Turismoaren Mundu Mailako Aretoa elkargune garrantzitsu bat da turismoaren eta bidaien arloko sektoreko enpresa eta profesionalentzat. Guztira, 500 erakusketaritik gora biltzen ditu, eta iaz 100.000 bisitari baino gehiago izan zituen.
Domekara arte, Bizkaia eta Bilbo presente egongo dira Parisen, Mundu Mailako Turismo Aretoan; bertan, Aldundiak eta Udalak Bizkaiko lurraldearen eta hiriburuaren turismo-eskaintza aurkeztuko dute lehen aldiz, Turismoa Kanpoan Sustatzeko 2016ko Estrategiari jarraikiz. Erakunde biek nazioarteko turismo-sustapena indartu gura dute, bisitariak eskaintzen dizkieten ohiko merkatuetan. Ildo horretan, merkatu frantsesa estrategiko eta lehentasunezkotzat jo dute. Iaz "Bizkaira etorri ziren bisitari atzerritarren %20,54" heldu ziren Frantziatik, Bizkaiko Foru Aldundiak zabaldutakoaren arabera.
Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatua eta Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia arduratuko dira Bilbao Bizkaia helmuga turistikoa aurkezteaz bihar Porte de Versailles konbentzio-zentroan egingo den prentsaurrekoan.