Ariketa fisikoa erregulartasunez egitea osasunean inbertitzea dela dio Jon Darpon Osasun sailburuak

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 6a, 11:13
Jon Darpon Osasun sailburua artxiboko irudian. IREKIA-EUSKO JAURLARITZA.

Jon Darpon Osasun sailburuak joan den domekan, hilaren 3an, Getxoko ibilaldi osasungarrian parte hartu eta gero, azpimarratu du ariketa fisikoa egitea "premiazkoa" dela gaixotasun kronikoak jasateko arriskua prebenitzeko eta murrizteko, diabetesa kasu; izan ere, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gaixotasun horri eskaini dio Osasunaren Mundu Eguna.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponek Getxotik Oinez Bizi-Ibilaldi Osasungarria ekitaldiaren IV. edizioan hartu zuen parte domekan, hilaren 3an, gaur eta bihar, apirilaren 6an eta 7an, ospatuko diren Ariketa Fisikoaren eta Osasunaren Mundu Egunen harira, hurrenez hurren. Ibilbideak Getxoko leku adierazgarrienak zeharkatu zituen eta adin guztietako ehunka pertsona bildu ziren, ariketa fisikoa osasun-onuren iturri gisa aldarrikatzeko.

Ibilbidea amaituta, Jon Darponek ariketa fisikoa erregulartasunez egiteak duen garrantzia azpimarratu zuen, betiere pertsona bakoitzaren adina eta bereizgarriak kontuan hartuta; izan ere, "osasunean inbertitzea da, gaixotasunak prebenitzen dituelako, tartean, diabetesa, hipertentsio arteriala, enboliak, ondesteko minbizia, bularreko minbizia eta buruko nahasmenduak".

Azaldu dutenez, osasun-onurak lortzeko, haurtzaroan eta nerabezaroan, gutxienez egunean 60 minutuz egin behar da ariketa fisiko neurritsu edo handia, eta gutxienez astean 150 minutuz, ordea, helduen eta adintsuen kasuan.

Hala ere, Euskadiko Osasun Inkestako datuen arabera, 14 urtetik gorako emakumeen % 32 eta gizonen % 27 ez dira aktiboak; hau da, ez dute egiten OMEk osasun-onurak lortzeko ezarritako gutxieneko ariketa fisikoa. Osasun Sailak eta Osakidetzak egoera hori alderantzikatzea dute lehentasunezko xede, % 15 eta % 10 murriztu gura dituztelako balio horiek hurrenez hurren, 2013-2020 aldirako Osasun Planak osasuna eta ingurune nahiz bizimodu osasungarriak sustatzeko atalean jasotakoaren arabera.

Ariketa fisiko gutxiegiari, gainera, obesitatea gehitu behar zaio, eta horrek diabetesa eragin dezake. Horrenbestez, "ezinbestekoa da bizimodu eta ohitura osasungarriak izatea, gaixotasun hori ez ezik, heriotza eragin dezaketen beste gaixotasun batzuk ere prebenitzeko", adierazi zuen Jon Darpon Osasun sailburuak ibilaldiaren amaieran.

Izan ere, diabetesaren prebalentzia orokorra % 10etik gorakoa da 18 urtetik gorakoen artean EAEn, eta munduan 300 milioi lagunek jasaten dute. OMEk gaixotasun horri eskainiko dio Osasunaren Mundu Eguna, gero eta hedatuago dagoelako; hala, OMEren aurreikuspenen arabera, 2030ean, zazpigarren heriotza-arrazoia izango da.

Dena dela, diabetesa prebenitzeko aski da bizimoduari loturiko neurriak hartzea. Bizimodua aldatzeak diabetes-arriskua % 50 murrizten duela egiaztatu da, eta, Osasun sailburuak adierazi duenez, "bizimodu osasungarriekin 2. motako diabetes mellitus kasuen % 90 prebenituko lirateke". Nabarmendu duenez, "beharrezkoa da haurtzarotik azpimarratzea ariketa fisikoa egitearen, elikadura osasungarri eta orekatua izateren eta alkohola zein tabakoa bazter uztearen garrantzia, diabetesa eta beste gaixotasun batzuk jasateko aukerak murrizteko eta, ondorioz, osasuna zein bizi-kalitatea areagotzeko".

Osasun Sailak eta Osakidetzak, herritarrei informazioa eta prestakuntza eskaintzea eta, horrela, herritarrek beraiek osasunaren zaintzan modu aktiboan esku hartzea helburu duen Osasun Eskolaren bitartez, Paziente Bizia programa garatu dute; autozaintzako prestakuntza eskainiko zaie diabetesa duten pazienteei, gaixotasuna kontrolatu dezaten. "Nire diabetesa zaintzen" ikastaroei esker, 2.000 pertsona baino gehiago "aktibatzea" lortu da, eta hobekuntza sumatu da gaixotasuna kontrol pean duten emakumeen eta gizonen ehunekoetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun