Foru Aldundiak Mungiarako autobus-zerbitzua luzatuko du

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 17a, 11:00

Iazko ekainaren 1ean, Bizkaibuseko A3537 lineak bete zuen lehenengoz Plentzia eta Mungia arteko ibilbidea. Autobusak Gorlizi eta Lemoizi ere egiten die zerbitzua, Maruri-Jataberi eta Gatikari legez. Bizkaibus hori behin-behinean ipini zuen Foru Aldundiak, lineak erabiltzaile nahikorik izango lukeen jakiteko.

Hamar hilabeteren ostean, linea mantendu egingo dela jakinarazi du Aldundiak. Horrela adierazi zuen Vicente Reyes Garraio diputatuak pasa den martxoaren 26an Bizkaiko Batzar Nagusietan. Bizkaibusek egingo dituen hainbat aldaketen berri ere eman zuen Reyesek egun berean. Denera, 1,8 milioi euro gehiago inbertituko du Bizkaiko Foru Aldundiak garraio kolektiboan, tartean Leioako unibertsitateko campusaren zerbitzua hobetu, eta Loiuko aireporturako maiztasunak zabaltzeko.

Telefono zenbaki berriak

BGP Bizkaiko Garraio Partzuergoak 946 855 000 telefono-zenbaki berria ipini du herritarren esku, Barik txartelaren eta lurraldeko garraio publikoaren gaineko informazioa kontsulta dezaten. Horrenbestez, zerbitzua lehen baino merkeagoa izango da, aurreko telefonoak ordainpeko 901 aurrezenbakia baitzeukan. Batzar Nagusiek eskatu zuten hori aldatzea, PPk aurkeztutako proposamena aho batez onartuta. BGPren informaziorako telefono-guneak 11.000 dei jaso zituen 2015ean. Otsailean, Bizkaibusek ere ordainpeko 902 baztertu, eta 946 125 555 ipini zuen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun