Antolatzaileek baieztatu dute probak parte-hartze zabala berreskuratuko duela, krisiak eragindako murrizketen ostean: "irteeran 30 bat talde izango dira berriro ere. Euren artean, nazioarteko hiru talde indartsu: belgikar bat, italiar bat, eta portuges bat. Eurakaz batera, Espainiako autonomia-selekziorik onenak ahaleginduko dira garaipena lortzen". "Espainiako Estatuan egiten den kadete-kategoria birarik onena" Txuma Olagueren omenez egiten da. Olague Berangon jaio eta Erandioko apaiza izan zen.
Lasterketa horrek izaten du euskal txirrindularitzaren profesionalen eta profesional ohien parte-hartzea eta hainbat bisita. Hala, bertatik pasatu dira Miguel Indurain, Jonathan Castroviejo, Julian eta Ruben Gorospe, Marino Lejarreta, Roberto Laiseka, Joseba Beloki, Pedro Horrillo, Alberto Leanizbarrutia, Josean Fernandez Matxin, Mikel Pradera, David Lopez, Igor Anton, Omar Fraile edo Mikel Iturria, batzuk aipatzearren.
Historikoki, Herrialde Katalanetara joan dira Txumaren maillotak. Iazko irabazlea Guillem Garcia izan zen, Kataluniako selekzioaren txirrindularia. Aurreko urteetan, Eugenio Sanchez eta Mikel Montoro Valentziako Erkidegoko selekzioko kideek lortu zuten Txuman nagusitzea. Eta lehenengo edizioan, Guillem Cassu katalana igo zen podiumeko lekurik gorenera.