Espainiako poliziak sei lagun atxilotu zituen martitzenean, hilak 19, Burlatan —Mikel Otano, Esteban Gota, Julia Ibañez, Itxaso Torregrosa, Ibai Moreno eta Txelui Moreno—; eta beste bat Iruñeko Alde Zaharrean —Saioa Ibiriku—. Horiez gainera, Angel Mari Erro ere atxilo hartu zuten Atarrabian, lanetik ateratzen ari zen unean.
Horiek denei "Guardia Zibila iraintzea" leporatu diete, Burlatako Udalaren eraikin batean tortura salatzeko mural bat margotzeagatik. Dena den, iturriek jakinarazi dutenez, muralak ez dio inolako aipamen zuzenik egiten Guardia Zibilari, "Tortura" eta "Aztnugal" hitzak soilik irakur baitaitezke irudian. Bestalde, azaldu dutenez, Burlatako Udalak berak pintaketa egiteko baimena eman zien atxilotuei, Torturaren Nazioarteko Egunaren harira. Hori dela eta, Txema Noval Burlatako alkateak (Burlata Aldatzen) Poliziaren aurrean deklaratu behar izan du baimen horregatik, baina ez zen atxilotua izan.
Iruñeko Chinchilla jeneralaren kaleko komisariara eraman zituzten zortzi atxilotuak, eta ordu biz atxikita izan zituzten han. Banan-banan utzi zituzten aske, polizien aurrean deklaratu eta gero.
Atxiloketa horien harira, atzoko egunean atxilotutako zortziei babesa eskaintzeko eta tortura salatzeko mural eta aldarrikapen ugari agertu ziren Euskal Herriko hainbat txokotan, baita Uribe Kostan ere.