Horrela egingo dutenen artean hainbat sari zozkatuko dituzte. Halere, izen-ematea erabat baliagarria izan dadin, parte hartzaileek dagokien diru-sarreraren egiaztagiria eroan beharko dute Getxoko Andra Mari kiroldegira, maiatzaren 6an, 17:00etatik 20:00etara bitartean edo martxaren egunean bertan goizeko 07:30etik aurrera. Egun eta ordu horietan izen-ematea ere egin ahal izango da.
Federatuek lizentzia eroan beharko dute eta federatu bako zikloturistek egun horretarako behin-behineko asegurua lortu ahalko dute izena ematean. Horrez gainera, parte hartu gura dutenek 15 euro ordaindu beharko dituzte; eta asegurua eskatzen dutenek beste 10 euro gehiago.
Txangoa goizeko 09:00etan abiatuko da Getxoko kiroldegitik, azken urteotako ia ibilbide bera egiteko, 101 kilometrokoa. Besteak beste, Leioako campusa, Asua, Larrabetzu, Aretxabala gaina eta Gernika igaroko dituzte Mundakako anoa-postura heldu aurretik; ondoren, indarrak batzeko beste aukera bat izango dute Sollube gainean, Markaida eta Andrakako azken aldatsak igo aurretik. Horiek pasatuta, Urdulizen Getxorako bidea hartuko dute, berriro ere Andra Mari kiroldegira bueltatzeko.
Auto batek hondatutako bizitzak
Javier Otxoa Palacios txirrindulari berangoztarraren omenez antolatzen da lasterketa. Otxoak 41 urte ditu, eta, gaur egun, kirolari paralinpiko ospetsua da. Txikitatik Punta Galea txirrindularitza-elkartean jarduna, Tourreko etapa bat irabazi zuen 2000. urtean. Zoritxarrez, 2001ean auto batek bera eta Ricardo anaia harrapatu zituen. Ricardo hil zen eta Javierrek garun-paralisia pairatu du ordutik. 2005ean, Punta Galeak Javier omentzea erabaki zuen, Randonee martxa-zikloturistari bere izena emanez.
Argibide gehiagorako, puntagalea@puntagalea.com posta-elektronikora idatz daiteke.