Liztor asiatikoari aurre egiteko protokoloa ezarri du Aldundiak

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 26a, 11:20

Liztor asiarra. FRANCIS ITHURBURU

Liztor asiarrari aurre egiteko asmoz, Bizkaiko Foru Aldundiak jarduketa protokolo bat jarri du martxan lurraldeko udalakaz batera. Halaber, aplikazio informatiko bat erabiliko dute, "vespa velutina" delakoaren suntsipena erregistratzeko.

Udalen lankidetza hiru zereginetan oinarrituko da. Lehenik, herritarrek liztorren habien presentziari buruz egindako deiak jaso eta haien datuak erregistratuko dituzte. Jasotako deietatik lortutako datuak Lantik foru enpresak garatutako aplikazio informatiko batera eramango dira; gainera, aplikazioaren bidez, udalek kontsultatu ahal izango dute zeintzuk izan diren kudeatutako abisuak eta, hala, herritarrei informazioa eman ahal izango diete jakiteko ea habia erregistratu den ala ez eta, hala badagokio, ea suntsitu den ala ez.

Bigarrenik, tokiko erakundeek habia adierazitako tokian eta aktibo dagoela egiaztatuko dute. Ikuskapen hori egiteko ardura duen pertsonalak spray berde batez markatuko du habia dagoen arbola edo egitura, herritarrek jakin dezaten habiaren berri eman dela eta erregistratua izan dela. Aktibo ez dauden habiei dagokienez, gurutze berde batez markatuko da.

Azkenik, udalek abisua grabatuko dute aplikazio informatikoan, jasotako datuak txertatuz. Datu horien arabera eta aplikazioaren bidez, abisua Basalani jakinaraziko zaio edo, kasu berezietan, suhiltzaileei.

Udalen zeregina Foru Aldundiagaz koordinatuta beteko da; izan ere, bi erakundeek arduradun bat edo batzuk izendatuko dituzte, lankidetza horren gestioen berri emateko. Gainera, foru erakundeak tokiko erakundeen esku jarriko ditu datuei buruzko fitxak, "vespa velutinari" aurre egiteko plana kudeatzeko aplikazio informatikoa, aplikazioan sartzeko pasahitzak, aplikazioa erabiltzeko eskuliburua eta udal pertsonalari liztor mota honen inguruan eman beharreko oinarrizko prestakuntza (biologia, zeintzuk diren liztor arruntaren aldean dituen desberdintasunak...).

Behin udalek zeregin horiek beteta, Bizkaiko Foru Aldundia arduratuko da erregistratutako habiak kentzeaz.

Suhiltzaileen parte-hartzea

Protokolo berriak ezartzen du suhiltzaileek bakar-bakarrik esku hartuko dutela egoera berezitzat hartzen denean edo habiak hirigunean edo hiri ingurune jakin batean daudenean eta zenbait baldintzatzaile azaltzen direnean.

Hala, esku hartuko dute habiak lurretik, esku eskaileretatik edo makineria komertzialetik (garabiak eta jasogailuak) ezin direnean neutralizatu. Era berean, esku hartuko dute habiak presaz kendu behar direnean parke publikoetan, ospitaleetan, adinekoen zentroetan eta antzekoetan daudelako eta osasunaren kontrako arriskua dagoelako edo zenbait pertsona ziztatuak izan direlako; gainera, parte hartu beharko dute habiaren edo inguruaren ezaugarriak bereziak direnean.

Hirigune eta hiri inguruneetan jardungo dute eraikinek unitate bat osatzen dutenean (hiru eraikin gutxienez) eta partzialki 100 metroko diametroaren barruko zirkulu batean sar daitezkeenean; sarbidea errepide bidezkoa denean eta gutxienez 4 metro zabal denean eta bermatzen denean erabilitako bitartekoak jaso daitezkeela eta bide nagusi batera irits daitezkeela gehienez ere 5 minutuko epean.  

Baldintzatzaile horien bidez saihestu nahi da suhiltzaileak larrialdi handiago batera ez iristea liztor asiatikoaren habi bat kentzen ari direlako.

Bestalde, Basalanek habiak suntsitzeko behar bezala hornitutako ekipo bat izango du, betiere horretarako ezarritako prozedurari jarraituz. Eta, suhiltzaileakaz gertatzen den bezala, foru enpresa horretako pertsonalak habien neutralizazioa erregistratzeko ardura izango du, bai eta neutralizazio hori gertatu dela zehazteko erantzukizuna ere, habia fisikoki kentzeko asmorik ez dagoenean.

Habiak suntsitzeko baimendutako enpresen eta agenteen erregistroa

Bestalde, protokolo berriak habiak deuseztatzeko edo suntsitzeko enpresen eta agenteen erregistroa sortzea aurreikusten du; horien zerrenda Lantik foru enpresak garatutako aplikazio informatikoan jasoko da. Baimena erdiesteko, Iraunkortasun eta Natur Ingurune Sailaren Natura Zaintzeko Zerbitzuari eskatu beharko zaio. Eta, behin baimena lortuta, aplikazio informatikora sartzeko aukera izango dute eta haren bitartez informatu beharko dute suntsitutako habien inguruan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun