ArgIHIzkiak lehiaketa martxan da

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 30a, 12:00
Uribe Kostako epaile bik osatutako epaimahaiak ebazpena irailaren 15ean emango du ezagutzera.

Abian da ArgIHIzkiak lehiaketa. Aukeratutako 10 argazkietan oinarritutako testu laburren lehiaketara lanak aurkezteko epea zabalik egongo da maiatzaren 2tik 31ra.

Bosgarren urtez, irudien eta hizkien hizkuntzetan oinarrituta, ArgIHIzkiak lehiaketa antolatu dute Uribe Kostan EGIZU Getxo Euskaldun! elkarteak eta HIRUKA komunikazio-taldeak; hurrengoakaz elkarlanean: Uribe Kostako hainbat udalegaz (Getxo, Leioa eta Erandio) eta zenbait elkartegaz (Berbots, Bizarra Lepoan, Aitxu! eta Leioako berbalagunak). Argazkietan oinarritutako testu laburren lehiaketa da ArgIHIzkiak; hala, literatur ekimenaren helburu orokorrak honakoak dira: jendea euskaraz idaztera eta irakurtzera animatzea, eta Uribe Kostako argazkilariak eta euren lana sustatzea eta zabaltzea. ‘Fotografia’ edo ‘argazki’ berbek "argiagaz marraztea edo idaztea" dute jatorrizko esangura. Horrenbestez, gure begiradek argien eta hizkien hizkuntzakaz jolastea proposatzen du lehiaketak.

Aurten, nobebade bi dauzka lehiaketak: batetik, adinaren araberako maila bi izango ditu, 16-18 urte bitartekoa, eta 18 urtetik gorakoa, batez ere gazteenek euskaraz idaztea sustatzeko asmoz; bestetik, hautatutako argazkiak webgunean ikusteaz gainera, kalean ere ikus daitezke, Leioako Boulevarden esekita baitaude, Leioako Udalaren ekimenez. Hala, daborduko ikusgai dauden hamar argazkilariren argazkietan oinarritutako testuak idatzi beharko dituzte parte-hartzaileek. Idatziak bidaltzeko epea hauxe izango da: maiatzaren 2tik 31ra.

Bosgarren ediziorako euren argazkiak helarazi dituzten Uribe Kostako (edo berton bizi diren) argazkilariak honakoak dira: Bego Elexpe Ortiz, Maite Ikaran Souville, Javi Alaña Azkoitia, Eider Moreno Carrero, Amaia Aparicio Tarin, Jose Mari Albisu Carrera, Maitane Sarralde Ussia, Maite Mentxaka Tena, Anton Alvarez Jimenez eta Naiara Elorriaga Lumbreras.

Lehiaketaren oinarriak

PARTE-HARTZEA
• Lehiaketa honetan parte-hartzeak arau hauek eta epaimahaiaren erabakia erabat onartzea dakar.

• Maila bi daude (adinaren araberakoak):
    ▸ 16-18 urte bitartekoena
    ▸ 18 urtetik gorakoena

• Atal bi izango ditu lehiaketak (testuen luzeraren araberakoak):
    ▸ Labur-laburra (160 karaktere gehienez, espazioak barne, eta izenburua aparte)
    ▸ Laburra (100 hitz gehienez, izenburua aparte)

• Testuek euskaraz idatzita egon behar dute, euskara batuan edo euskalkietan.

• Edozein testu mota onartuko da (prosa, olerkia, bertsoa, haikua…).

• Testu bakoitza argazkietako batean egongo da oinarrituta, eta egileak adierazi beharko du zein den aukeratu duen argazkia (argazkiaren eta argazkilariaren izenak idatzita).

• Testu bakoitzak izenburu laburra izango du.

• Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez ere, testu BI bidali ahal izango ditu (bi atal berean edo testu bana atal bakoitzean; testu biak argazki berari jarriak ere izan daitezke).

EPEA

• 2016ko maiatzaren 2tik 2016ko maiatzaren 31ra (biak barne).

• Epe horretatik kanpo jasotako testuak ez dira onartuko.

AURKEZTEA

• Parte hartu ahal izateko, datu hauek bidali beharrekoak dira: izena eta lehen bi abizenak, adina, herria, telefono-zenbakia eta helbide elektronikoa.

• Parte-hartzaileek lehiaketan emandako datuek benetakoak eta osoak izan beharko dute.

• Bidalitako datu pertsonalak antolatzaileek baino ez dituzte edukiko, eta haiek bermatuko dute testuen anonimatua epaileen hautatze- eta erabakitze-prozesuan.

• Testuak jatorrizkoak, argitaragabeak eta aurreko edozein lehiaketatan saritu gabeak izango dira, baita beste inongo lehiaketatan aurkeztu gabeak ere.

• Testuak bidaltzeko 3 modu:

www.argihizkiak.com webgunean duzuen parte-hartzearen orria betez, edo
685 732 963 zenbakira sms edo whatsapp mezuak bidaliz, edo
argi.hizkiak@gmail.com helbide elektronikora mezua(k) igorriz.

• Antolatzaileek mezu bat bidaliko diote parte-hartzaile bakoitzari, baieztatzeko testua(k) jaso d(it)u(z)tela.

EPAIMAHAIA eta EPAIA

• Epaileak Uribe Kostako euskalgintzako edo kulturgintzako bi aditu izango dira eta epaileek ez dute ez egileen izenik ez izengoitirik ezagutuko.

• Epaileen epaia apelaezina izango da eta 2016ko irailaren 15ean ezagutaraziko da.

• Argitaratzeko eskubidea: Aurkezturiko idazlanak antolatzaileen esku geratuko dira. Antolatzaileek beren web guneetan edo beste komunikabide edo euskarri batzuetan argitaratu ahal izango dituzte, egilea aipatuta betiere.

SARIAK

• Maila bakoitzeko atal bakoitzean sari bat egongo da; gazteenek liburu elektroniko bana irabaziko dute, nagusiagoek bakoitzak 200€.

• Aurrekoez gain, argazki bakoitzak maila eta kategoria bakoitzeko testu bat izango du irabazle, eta saria izango da Uribe Kostan hainbat lekutan eta datatan egingo den argIHIzkiak 2016 erakusketan agertzea, argazkiarekin batera.

• Antolatzaileak harremanetan jarriko dira irabazleekin telefonoz edo posta elektronikoz. Ezinezkoa balitz, hiru eguneko epean (epaileen emaitza ematen denetik aurrera), saria zerrendan dagoen bigarrenari emango zaio.

• Sariak eman barik gera daitezke, baldin eta idazlanek behar bezalako merezimendurik ez badute epaimahaiaren irizpidearen arabera. Era berean, epaimahaiak ahalmena izango du sor litekeen bere eskumeneko edozein arazo erabakitzeko, arazo hori oinarrietan aurreikusten ez bada.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun