Galeatik Sopelara, Urrezkoaren bila

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 6a, 19:21

Sopelako K/T muga.

Bizkaiko Geolodia 2016 ibilaldia Uribe Kostan egingo dute hilaren 8an, Getxo eta Sopela artean, hain zuzen ere. EHUko ikertzaile-talde batek gidatuko du, eta euren berbetan, gure eskualdeko inguru horrek aukera asko eskaintzen ditu Lurraren historia zuzenean ezagutzeko.

Sarritan kanpora begira egoten gara, sorterritik milaka kilometrora dauden leku eder eta ikusgarriak bisitatzeko guran. Askotan gertatzen da hori, eta, gehienetan, ez diogu erreparatzen gure eguneroko bizilekua inguratzen duten parajeei. Uribe Kostan badaude ikusgarriak diren hainbat gune, berbarako Gorrondatxe hondartza, Barrikako labarrak eta Astondoko duna-fosilak; horiek, gainera, milioika urteko historia kontatzen dute. Hori dela-eta, gure eskualdea aukeratu dute Bizkaiko Geolodia 2016 egitasmoa antolatzeko.

Geologoek gidatutako doako ibilaldi-sorta bat da Geolodia, eta 2010etik hamaika lekutan eskaintzen dituzte. Hala, Bizkaian Uribe Kostan egingo dute, hilaren 8an, Galeatik Sopelarainoko bidea, hain zuzen ere. Sopelako eta Getxoko udalek, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Ikerketa geologikoetarako eta zabalkunde zientifikoa laguntzeko zerbitzuak (SciGea) antolatu dute kostaldeko ibilbide hori. Espainian, berriz, Espainiako Elkarte Geologikoak (SGE), Espainiako Meatzaritza eta Geologiako Institutuak (IGME) eta Espainiako Lur Zientzien Irakaskuntzarako Elkarteak (AEPECT) koordinatzen dute egitasmoa, eta Espainiako Zientzia eta Teknologia Fundazioak (FECYT) finantzatzen du.

Gorrondatxeko hondartza zementatua.

Blanca Martinez, Irantzu Guede, Amaia Ordiales eta Jone Mendicoak osatzen duten EHUko geologo-taldeak gidatuko du Uribe Kostako txangoa. Euren arabera, Geolodiaren helburu nagusia da parte-hartzaileek ingurunea «begi geologikoekin» begiratzea; horrez gainera, geologoen lana eta zereginak ezagutuz, prozesu geologikoen funtzionamendua ulertzea, ondare geologikoez jabetzea, eta horiek babesteko beharra sustatu gura dituzte. Hala, ibilaldira hurbiltzen direnek ezagutu ahal izango dituzte orain dela 72 milioi urte gure kostaldea zelakoa zen, edo Pirinioen sorrerak Bizkaian izan zuen eragina; eta ingurune geologikoakaz pertsonek izan zuen harremana zer-zelakoa zen ulertu ahal izango dute. Era berean, geologo-taldeak iragarri duenez, orain dela 66 milioi urte Lurreko bizitzaren zati handi bat suntsitu zuen meteoritoari erreparatu, eta horrek eragindako ondorio klimatikoen berri ere emango dute, besteak beste.

Uribe Kosta, interes geologikoko gunea

Ikertzaileen berbetan, Uribe Kostan ez dago geologikoki interes txikiko gunerik. Diotenez, arroka guztiek kontatzen dute bere historia, zelan sortu ziren eta zelan heldu diren gaur egun dauden lekura. Hala ere, gurean badaude «ikusgarriagoak» izan daitezkeen eremuak. Eskualdean GIL (Geologia Interesdun Lekuak) sailkapena duten 14 gune daude, horien artean, hauek: Armintzako flysch-beltza, Barrikako hareak, Meñakozeko kuxin-laba, Astondoko duna fosilak, Gorrondatxe eta Tunelbocako hondartza zementatua, Sopelako K/T muga eta Barrikako labarrak (Barrika-Galea paleozabalgunea). «Azken horiek egundokoak dira, eta inguratzen gaituen ondare geologiko aberatsaren parte bat besterik ez dira», azaldu dute. Geolodia 2016 ibilbidea, berriz, oso interesgarria da, eta horretarako, hainbat arrazoi daude. Izan ere, esan legez, eskualdeak zenbait aukera ematen du hainbat alderdi geologiko behatzeko, «ez bakarrik arroka-motak, baizik eta estratuek azaltzen dituzten egiturak eta kostaldeko dinamika ere bai, adibidez. Horiek denak garrantzitsuak dira, geologiaz ari garenean». Horrez gainera, orain dela 210 milioi urteko arrokak eta XX. mendeko bitxikeriak erakutsiko dituzte Geolodia 2016rako aukeratutako ibilbidean, eta eskala geologikoaren bi garairen arteko muga ezagutaraziko dute Gorrondatxe hondartzako arroketan.

Meñakozeko kuxin-labak.

Mundu osoko erreferentea da hori, eta hala erakusten du bertan ezarri den Urrezko Iltzeak; «duela 47,8 milioi urteko gertakaria ikertzen duten guztiek erreferentziatzat dute toki hori», azaldu dute ikertzaileek. Gorrondatxek Urrezko Iltzea jaso du bi garai geologikoren arteko muga markatzen duelako: Ypresiar-Lutetiar muga. Halaber, izendapen hori jasotzeko hiru arrazoi nagusi nabarmendu dituzte geologoek: iristeko erraza izatea, erregistro geologiko jarraitua izatea, eta izaki ezberdinen fosil ugari izatea. «Horregatik guztiagatik, garai horri buruzko ikerketak garatzeko mundu osoko ikertzaileak hondartza horretako arrokak hartzen dituzte erreferentziatzat».

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile-taldeak zehaztu duenez, orain dela 210 milioi urteko material geologikoetatik gaur eguneko sedimentuetara aurki daitezke Uribe Kosta osoan. Horregaz denagaz, azken 200 milioi urtean jazotako klima-, itsas dinamika- eta biodibertsitate-aldaketak zelakoak izan diren jakin daiteke, «Euskal Herriko historia geologikoaren zati handi bat berreraikiz». Ostera, gurean hainbat garai ezin direla aurkitu ohartarazi dute ikertzaileek, ez dagoelako jarraitasun osoa, «zenbait milioi urte falta zaizkigu, eta horrek ere informazioa ematen digu Pirinioak sortu zirenean Uribe Kostan gertatu zenari buruz». Hain zuzen ere, Europako eta Iberiako plakek talka egin zutenean, orain dela 79 milioi urte, Pirinioak sortzen hasi ziren; Orogenia alpetarra deritzon prozesuari esker. Geologoen berbetan, Bizkaian, Orogenia alpetarraren (duela 37-15 milioi urte artean) konpresio-fasearen amaieran, Maastrichtiar eta Eozenoaren itsas hondoan sortutako arroken altxamenduak eta okerdurak gertatu ziren. «Prozesu horri esker, arroketan hausturak (diaklasa eta failak) eta tolesak (antiklinalak eta sinklinalak) sortu ziren, eta material geologikoen jarraitasuna eten zuten». Egitura horiek guztiak Galea eta Sopela arteko ibilbidean zehar aurki daitezke.  

Barrikako labar ikusgarriak.

Adituek zehaztu dutenez, eskualdean hainbat denbora-muga geologiko antzeman daitezke; halere, bi dira aipagarrienak: Kretazeo-Paleogeno muga (orain dela 65 milioi urte), dinosauroak desagertu zirenean; eta Ypresiar-Lutetiar muga (duela 47,8 milioi urte), Urrezko Iltzeagaz markatuta dagoena Gorrondatxeko arroketan. Denbora geologikoaren eskala, erregela baten antzera, denbora-maila ezberdinetan banatuta eta azpibanatuta dago. Hala, baldintza klimatiko zein ozeanografiko eta organismo ezberdinek ezaugarritzen dute denbora tarte bakoitza.

Bizkaian aurki daitezkeen arroka gehienak itsasoan sortu zirela argitu dute geologoek. Beraz, horietan gordetako fosil gehienak itsastarrak dira. «Egun itsasoan bizi diren organismoak bezalako belaki eta itsas trikuen fosilak igar daitezke, baina baita gaur egun existitzen ez diren ammonite (oskol kiribilduko zefalopodoa) eta inozeramido (tamaina handia izan zezaketen kusku biko moluskuak) bezalako animaliak ere. Horiez gainera, organismoek utzitako aztarnak ere aurki daitezke, zoophucys-ak esate baterako».

Zergatik jakin behar genuke geologiaz?

«Gure planetaren sorreratik gaur egunera arte ikertzen duen zientzia bakarra da geologia»; beraz, oinarrizkoa da hasieratik gure historia ulertzeko. EHUko ikertzaileen arabera, lehenengo bizi-agerpenetik pertsonon agerpenera arte existitu diren espezieen eboluzioa ezagut dezakegu, «aldaketa klimatikoek nola baldintzatu duten gure portaera azken milaka urtean, edo nola gizakiak bere ingurunea moldatu duen errekurtsoak aprobetxatzeko». Laburbilduz, geologiak aukera eskaintzen du gizon-emakumeen eta Lurraren historiaz «ikuspuntu osoa eta globala» izateko.

Geolodia 2016, Galeatik Sopelara

Geolodia ekimena guztiz doakoa da; ez du parte-hartzaile mugarik, eta edonorentzat moduko kanpo-jarduera bat da. Izen-emateari dagokionez, interesa dutenek servicios.scigea@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidali beharko dute. Izena eman barik, ezin izango dute-eta ziurtatu arreta egokia. Ibilaldia goizeko 10:00etan hasiko da, Galeako gotorlekuko aparkalekutik, eta Sopelan amaitu; Gorrondatxe hondartzan egingo dute geldialdi bat, Urrezko Iltzean dagoen lekuan. Zailtasun txikiko eta edozein adin eta egoera fisikoko pertsonentzat bada ere, arropa eta oinetako erosoak, eguzkitako krema, janaria eta ura eroatea gomendatu dute antolatzaileek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun