Aurreneko biei Ekineko kide izatea egotzi diete, eta gainerakoei (Erika Bilbao barne) zuzendaritzako kide. Horretarako, "Segurako auzian" epaitutakoen antzeko testu bat onartu beharko dute auzipetuek. Fiskalak eta akusazioek eskatu dute zigorrak bertan behera utzi eta Ugaitz Elizarani baldintzapeko askatasuna emateko. Epaimahaiak eskaera onartzea espero da, baina ikusi egin beharko da Elizaranen kasuagaz zer gertatzen den.
Aretotik irtetean, Eneko Compainsek hartu du hitza, akusatu denen izenan. Azaldu duenez, "akordioa onargarria iruditzen zaigu, baina esan behar da hemen ez dela justiziarik egin". "Gogoratu behar da nondik gatozen. Estatuak atxilotu, bortizki torturatu eta espetxeratu gintuen", gaineratu duenez. Hala ere, "akordio hauek zerutik ez" datozela gogoratu du Compainsek; orain arteko epaiketen kontrako dinamikaren barruan kokatu du gaurko hitzarmena.
Epaiketa gaur hasi da
Gaur hasi da, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Erika Bilbao Barcena eta beste zortzi euskal herritarren kontrako epaiketa. Ekin erakundeko kide izatea egotzita, Estatuko Fiskaltzak bederatzi urteko espetxe-zigorra eskatzen zuen Bilbaorentzat. Guardia Zibilak 2010eko irailaren 14an atxilotu zituen Erika (2012ko uztailaren 25ean atera zen espetxetik) eta beste zortzi euskal herritarrak. Polizien eskuetan bost egun egin zituzten inkomunikazio egoeran; "tortura basatiak" salatu zituzten denak.