Uribe Kostako futbol-taldeak, Euskal Kopara

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 18a, 14:03

Aatorren denboraldian Leioako Emakumeak Betiko Neskak eta Bizkerre taldeakaz derbiak jokatuko ditu. © LEIOA K. E.

Emakumezkoen Euskal Kopan jardungo dute aste-akabu honetatik aurrera Uribe Kostako hiru taldek: Betiko Neskak, Bizkerre eta Leioako Emakumeak.

Maiatzaren 21ean eta 22an, zapatuan eta domekan, jokatuko da Emakumezkoen Euskal Koparen lehenengo kanporaketa. Euskadiko Futbol Federakundeak antolatutako lehiaketa horrek 15 klub batuko ditu. Hala ere, lehenengo jardunaldian, Añorga taldeak ez du jokatu beharko, eta zuzenean sailkatuko da final laurdenetarako, maiatzaren 4an egin zuten zozketak hala erabaki zuen-eta.

Talde uribekostarren artean, Erandioko Betiko Neskak taldeak baino ez du jokatuko etxean. Zapatuan izango da, 18:00etan; Eibarko taldea hartuko dute Astrabuduko San Lorentzo futbol-zelaian. Leioako Emakumeak taldea, ostera, Igorrera joango da aurretik; zapatuan, 15:45ean, Arratiako hamaikakoa bisitatuko dute Urbieta belar artifizialeko futbol-zelaian. Azkenik, domekan jokatuko du Bizkerrek, 17:00etan, Ugaoren aurka, Ugaoko Arandia estadioan.

Fase denetako partida guztiak, finala barne, partida bakarrera jokatuko dituzte. Leioako Emakumeak eta Bizkerre taldeek euren partida irabaziko balute, hurrengo aste-akabuan, hilaren 28an edo 29an, elkarren aurka jokatuko lukete. Derbia Sarrienan egingo litzateke.

Federazioak jakinarazi duenez, Koparen 23. edizioaren finalerdiak ekainaren 4an eta 5ean izango dira. Finala, ordea, ekainaren bigarren aste-akabuan egingo dute, hilaren 11n edo 12an.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun