Erika Bilbao Barcena eta beste zortzi euskal herritarren aurkako epaiketan, akordioa lortu zuten epaiketaren lehen saioan, martitzenean, Fiskaltzak, akusazioek eta defentsa-abokatuek. Hala, espetxea saihesten saiatuko dira: Ugaitz Elizarani bi urte eta hiru hilabeteko zigorra jartzea onartu dute, Sandra Barrenetxeari urtebete eta bederatzi hilabetekoa eta gainerakoei bina urtekoa.
Aurreneko biei Ekineko kide izatea egozten diete, eta gainerakoei (Erika Bilbao barne) zuzendaritzako kide. Horretarako, "Segurako auzian" epaitutakoen antzeko testu bat onartu behar izan dute auzipetuek. Fiskalak eta akusazioek eskatu dute zigorrak bertan behera utzi eta Ugaitz Elizarani baldintzapeko askatasuna emateko. Epaimahaiak eskaera onartzea espero da, baina ikusi egin beharko da Elizaranen kasuagaz zer gertatzen den.
Hala, martitzenena epaiketa-aretotik irtetean egin zuten legez, gaurko prentsaurrekoan "onargarritzat" jo dute akordioa auziperatutako lagunek: "nagusiki, etxera lehenbailehen bueltatzeko akordio baten aurrean gaude. Espetxean denbora luzerako ikusi nahi gintuztenek ez dute plazer hori izango, eta aitzitik, Euskal Herriak bere alde lanean jarraitzeko 9 herritar irabazi ditu. Pozteko berria iruditzen zaigu!", azaldu dute. Besteak beste, bederatzi urteko espetxe-zigorra eskatzen zuen Estatuko Fiskaltzak Bilbaorentzat, Ekin erakundearen zuzendaritzako kide izatea egotzita.
Justiziarik ez
Dena den, "justizia egin ez" delakoan daude bederatziak: "Azken batean gure ekinbide politikoagatik zigortuak izan garelako. Izan ere, leporatzen zitzaizkigun egitate bakarrak bilkura politikoetan parte-hartzea eta dokumentazio politikoa edukitzea baitziren. Azken astetan esaten ibili garen bezala, gu militante politikoak ginen eta bagara, ezkerrekoak eta independentistak. Hori eta ez beste ezer izan da gu zigortzeko arrazoia", adierazi dute.
Guardia Zibilak 2010eko irailaren 14an atxilotu zituen Erika Bilbao (2012ko uztailaren 25ean atera zen espetxetik) eta beste zortzi euskal herritarrak. Polizien eskuetan bost egun egin zituzten inkomunikazio egoeran; "tortura basatiak" salatu zituzten denak.