Herri-galdeketa 2017ko apirilaren 2an egingo dute Barrikan, Lemoizen, Urdulizen eta Sopelan

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 23a, 17:04

Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko herri-galdeketa antolatuko duen 150 lagun inguruko Batzorde Sustatzailea aurkeztu zuten: Uribe Kostako ADOS elkartea. Galdeketaren prozesua aurrera eroateko, Barrikako, Lemoizko, Urdulizeko eta Sopelako Gure Esku Dago dinamikek sortu dute elkarte berria, eta aurreratu dutenez "eskualdeko herri gehiago prozesura batzeko aukera zabalik dago". Daborduko beharrean hasi dira, herri-galdeketa egiteko sinadurak batzen dabiltza.

Zapatuan getxoztarrek egin legez, Uribe Kostako ADOS elkartekoek ere Agirreren berbak gogora ekarri zituzten, eta euren herrietako udalek ere mozioak onartu zituztela jakinarazi zuten: "1931ko apirilak historia egin zuen Sopela, Urduliz eta Lemoizko udalek honelako mozio hunkigarri eta borobilak onartu zituztenean, Bizkaiko beste udal askok egin zuten bezala, garai hartako Getxoko Alkateak, Jose Antonio Agirrek, Gernika aldean burutu zuen euskal errepublikaren aldarrikapenari babesa emateko. Gaur, haien ondorengook guztiz ados gaude aipatutakoarekin eta oraingoan amets hura egia bihurtuko dugu. Gure esku dago".

Iragan domekan Sopelan ezagutzera eman zutenez, herri-galdeketa egiteko eguna 2017ko apirilaren 2a izango da eta, momentuz, Barrika, Lemoiz, Urduliz eta Sopelan ipiniko dituzte hautetsontziak; erabiliko duten goiburua eta irudia ere ezagutarazi dituzte: ADOS. 150 bat herritarrek osatzen duten Batzorde Sustatzailearen kideek aurrerantzean eman beharreko pausoak eta eginbeharrak hala jakinarazi zituzten:

"Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarren garaia da. Printzipio hauetan ADOS egonik, Barrikan, Lemoizen, Urdulizen eta Sopelan herri galdeketa gauzatzeko konpromisoa hartzen dugu.

Horretarako, prozesua aurrera eramango duen talde sustatzailea eratu dugu, Uribe Kostako ADOS Elkartea, eta agerraldi honetan aurkezten da. Aldarrikapenetik ekintzara jauzi bat egin dugu borondate ezberdin guztiei bide emanez gure erabakitze eskubidea gauzatzeko.

Bide honetan Uribe Kostako herritar eta gizarte eragile guztiak parte hartzera eta protagonistak izatera animatzen ditugu. Prozesua bera, emaitzak emaitza, garrantzitsua da. Prozesua azpimarratu nahi dugu. Erabakiz ikasi nahi dugu erabakitzen!

Erabakiaren aroa hasi da Euskal Herrian!. Laster, ekainaren 5ean, Goierrin, Debagoienan, Aramaion, Ispasterren eta Azpeitian. Azaroan, Diman eta Bakaikun. Jarraian, Oarsoaldea, Hernani, Usurbil, Bermeo, Busturia, Elorrio, Aulesti eta beste hamaika herri eta eskualde batuko dira uhin geldiezin honetan.

Gaur hemen bildu garenok Eskualdeko olatuaren hasiera besterik ez gara. Herritarrok hartu behar dugu protagonismoa elkarrekin galdeketa bat antolatzeko. Prozesua gardena, anitza, zilegia eta parte hartze handikoa izango da, gure erabakia gauzatu ahal dugun egunean dena eta denok prest eta ADOS egoteko.

Urte bete inguru daukagu lau urrats hauek osatzeko:

1.- EHUNDU. Gure errealitatea eta elkarrekin bizi garen pertsonak ezagutzea izango da gure zereginaren abiapuntua, erabakitze kultura jendartearen esparru guztietara hel dadin. Sortuko ditugun ADOSGUNEetan erabakitze eskubideari buruz sortzen zaizkigun beldurrak eta zalantzak elkarrekin konpartitu eta eztabaidatuko ditugu, kultura berri honek zabaltzen dizkigun aukerak ikusteko gai izan gaitezen.

2.- ELKARTU. ADOSBIDEA pertsona ezberdinen arteen bilatuz, prozesuari babesa emango dioten milaka sinadura bilduko ditugu eta erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpen adostua osatuko dugu.

3.- ADOSTU. Etorkizuna denon artean eraikiko dugu. Metodo parte hartzailea erabiliz, herritarrentzat interesgarriena eta beraz bozkatzera joateko erakargarriena izango den galdera adostuko dugu herri galdeketan den-denok parte har dezagun.

4.- ADOS ERABAKI URIBE KOSTAN. Gaur ohore handiz ezagutzera ematen dizuegu Barrikan, Lemoizen, Urdulizen eta Sopelan herri galdeketak 2017ko apirilaren 2an ospatuko ditugula.

Ziur gaude laster Uribe Kostako beste batzuk ere izango direla.

Erabakiaren aroa abian da eta gu pausoa ematera goaz !!!

ADOS SOPELA, BARRIKA, LEMOIZ, URDULIZ!! ADOS URIBE KOSTA!!!"

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun