Bizkaibusek Erandiogoikoa eta Urdulizko ospitalea lotuko ditu, Leioatik

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 31a, 14:39
Vicente Reyes artxiboko irudian. CC-BY-NC-SA MIKEL AGIRREGABIRIA

Vicente Reyes Garraio, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru diputatuak jakinarazi duenez, Bizkaibus zerbitzua Urdulizko ospitalearen berehalako irekieraren arabera moldatuko da. Reyesen arabera, Bizkaibusen gaur egungo zerbitzuak beteko ditu Urdulizko ospitalearen beharrizanak berau jardunbidean hasi eta lehenengo aldian, hau da, 2016ko ekainetik azarora.

Lehenengo aldi horretan, aurreikusitakoaren arabera, ospitale berriak gertuko zazpi udalerriri bakarrik emango die arreta: Gorliz, Plentzia, Barrika, Lemoiz, Sopela, Berango eta Urduliz. Herri horietan 61.000 lagun bizi dira. 2017ko hasieraz geroztik, Urdulizko ospitaleak jardunbide osoa izango duenean, Uribe Kostako eta Mungialdeko 19 udalerrik jasoko dute arreta, guztira; eta biztanle guztiak, gutxi gorabehera, 195.000 izango dira.

"Esku artean erabilitako datuek erakusten dutenez, garraio publikoaren egoerak bide ematen du egokitzea lasai egiteko, zergatik eta ospitale-zerbitzuak arian-arian jarriko baitira abian, eta biztanle guztiei eman beharreko arreta ere arian-arian egingo da", nabarmendu du garraioen diputatuak.

Vicente Reyesek ikerlan hori aurkeztu du Batzar Nagusietan berak eskatuta; ikerlan hori garraio-gaietan espezializatutako aholkularitza-enpresa batek egin du, aztertzeko ea zein eragin ekar dezakeen Uribe Kostako ospitalearen irekierak Bizkaibus zerbitzuan. Datu zehatzagorik ez dagoenez, hala aholkularitza-enpresa, nola saileko, Metroko eta BGPko teknikariak bat datoz hau esatean: "oraingoz, oro har, ez litzateke linea berririk jarri beharko, ez eta ahalegin berezirik egin beharko, salbu eta kasu jakin eta zehatz batzuetarako, bai Metrorako, bai Bizkaibuserako".

Behin behineko geralekua ospitaletik 200 metrora

Hala eta guztiz ere, Vicente Reyesek iragarri du aldatu egingo dela gaur egun Urduliztik igarotzen diren linea berrien ibilbidea (A2166 Uribe Kosta-EHU eta A3531 Sopela-Mungia-Gatika), ospitalera hurreratzeko hura irekitzen den unean. Azken linea horri ibilbidea aldatuko zaio Mungiatik igarotzean, autobus-aldaketak errazago egiteko Mungialdeko gainerako lineakaz.

Harik eta Urduliz eta Sopelaren artean ordezko bide bat jarri arte, diputatuak adierazi du Bizkaibusen geraleku berria ospitaletik 200 metrora egongo dela. Era berean, iragarri du Urdulizko Udalagaz hitzartu duela bide berria irekitzen den unean, bide berri horrek geralekua izango duela ospitalearen aurrean, eta Foru Sailak markesina berri bat ezarriko duela.

Gaur egun Leioa eta Getxo Gurutzetako ospitaleagaz lotzen dituzten linea biek (A3471 Algorta - Gurutzeta eta A3472 Areeta - Gurutzeta) iraun egingo dute oraingoz, nahiz eta Sailak aztertuko duen haiek denboran zehar izango duten bilakaera, doiketaren bat egin beharko balitz bidaiariak gutxiago izanez gero.

Azaroan Erandiogoikotik ospitalerako linea zabalduko dute

Garraioen foru arduradunak adierazi du Berangok, Sopelak, Barrikak, Plentziak, Gorlizek eta Lemoizek hobera egingo dutela ospitale berriagaz, garraio publikoaren distantziak eta denborak laburragoak direlako Gurutzetarakoak baino, bai Metro Bilbaon eta bai Bizkaibusen.

Kontrako egoeran dira, aztertutako datuen arabera, Leioako, Erandioko eta Getxoko udalerriak. Horregatik, Vicente Reyes foru diputatuak iragarri du azaroan beste linea bat zabalduko dela: Erandiogoikoa-Leioaren erdialdea-Urdulizko ospitalea. Aurreikuspena hauxe da: linea hori Erandiogoikotik eta Leioaren erdialdetik maizago joatea Erandiotik baino; Artatzatik, Makaleta etorbidetik eta Algortako beheko aldetik igaroko da, ondoren Sopelatik, eta helmuga Urdulizko ospitalean izango du. Edozelan ere, garraioaren beharrizanak berriro aztertuko dituzte, betiere azaroko benetako eskariaren datuakaz, eta datorren urtean ere bai aztertuko dituzte, ospitale jardunbide osoan dabilenean.

Metroa eta taxiak

Metroaren Urdulizko zerbitzuari dagokionez, Vicente Reyesek baieztatu du, gaur egungo maiztasunagaz nahikoa dela ospitalearen eskaria asetzeko. Gutxi gorabeherako kalkuluen arabera, eskari gehien dagoenetan, trenaren unitateek %10 izango lukete beteta, bidaiariak garraiatzeko edukiaren osotik. Lau kotxe dituen tren baten unitatea baten gehieneko okupazioa 592 bidaiarikoa da, eta 741 bidaiarikoa da 5 kotxe dituen trenaren unitate baterako. Era berean, 2017ko apirilera arte, Sopela-Urduliz-Plentziako ibilbidea autobusez egingo da, Urdulizko geltokia lurpetzeko obrak direla-eta.

Azkenik, foru diputatuak iragarri du, bere sailak ikerlan berezi bat egin duela helburu honekin: taxien beharrizanak zehaztea, bai ospitalearen hurreko ingurunean, bai ukiturik dauden udalerri guztietan. Ondorioa, berriz, hauxe da: "gaur egungo bost taxiak nahikoak dira eskaria asetzeko. Alkateagaz egin dugu berba, eta geraleku bat jarriko du ospitalean; hori ez ezik, taxistei jakinaraziko die zerbitzua eman behar zaiola herriari, bai eta ospitaleari ere".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun