Aldi berean, "oinarrizko eskubideen urraketarik berriro ez gertatzeko neurriak" eskatu ditu Udalbatzak, baita "biktimei eragindako sufrimenduaren aitortzea eta erreparazioa" ere. Azkenik, Ekineko kideek espetxera ez joateagatik, "poztasuna" agertu du Udalak.
Onartutako mozioaren testua, berbaz berba
EAJ eta EhBilduko bozeramaileak aurkeztutako proposamena, Audientzia Nazionalean egiten ari diren epaiketari buruzkoa (8/2013 sumarioa):
Kontuan izanda:
Erika Bilbao Barcena (Bilbo, 1978) Erandioko bizilagun, zuzenbidean graduatua, abokatu lanetan ari dena LAB sindikatuaren aholkularitza juridikoan Erandioko egoitzan, 2010eko irailaren 14an atxilotu eta 5 egunez torturatua izan zela.
Ondoren kartzelaratu egin zutela 2012ko uztailaren 25era arte: Centro Penitenciario Madrid V (Soto del Real, 384km) y Prision Provincial de Avila (Brieva, 429km).
Urruntze horrek senide eta lagunentzako zigor gehitu bat suposatu duela, bidegabeki. Bizitza eta segurtasunerako arriskuaz gain, kostu ekonomiko handia eragin diela.
Gaur egun baldintzapeko askatasunean dagoela 9000 euroko fidantza ordainduta, astelehenero sinatzen duela epaitegian, Estatu Espainoletik ateratzeko debekua duela (ezin du Euskal Herri osotik ibili ere egin, ezin du Hendaiara joan, esaterako).
9 eta 15 urte bitarteko espetxe zigor eskaerei aurre egin beharko diela, auzibide osoan pertsona edo ondasunen aurkako bortxa bidezko ekinbide bakat bat agertzen ez bada ere (Fiskalaren eskaera: 9 urteko espetxe zigorra + 12 urteko inhabilitazio berezia. Akusazio partikularren eskaera: 12 urteko espetxe zigorra + 15 urteko inhabilitazio berezia).
Horretarako, 3 zutabetan oinarritu direla, “todo es ETA” ikur hartuta: batetik, bilkura politikoak egitea; bestetik, izaera politikoko dokumentazioa (ekimen eta dinamika ezberdinei buruzkoak, non ez den ez planifikatzen, ez agintzen, ez justifikatzen izaera bortitzeko inolako ekinbiderik); eta azkenik, larriena, muturreko torturen bitartez eskuratutako aitortzak.
Istanbuleko protokoloan oinarritutako azterketa sakon baten parte izan direla auzi honetan atxilotutako pertsonak, aditu talde baten eskutik, ondorio nagusia tortura salaketa guztien sinesgarritasun maila oso handia dela ondorioztatu delarik. Erika tratamendu psikologikoa jasotzen ari dela torturaren ondorioei aurre egiteko.
Erandioko Udalbatzak honako adierazpen hau onartzen du:
- 1. Jarduera politikoari jazarpen judiziala gaitzesten du, are gehiago ordezkatzaile izan asmo duen demokrazia testuinguruan.
- 2. Tortura erabiltzea gaitzetsi eta erantzukizunak eskatzen ditu. Horrez gain, torturarik eta oinarrizko eskubideen urraketarik berriro ez gertatzeko neurriak eta biktimei eragindako sufrimenduaren aitortza eta erreparazioa ahalbidetzeko bitartekoen ezarpena exijitzen du.
- 3. Emakumeen kontrako biolentzia eta biolentzia matxista gaitzesten du, are gehiago funtzionario publikoek eragindakoa denean.
- 4. Ekinbide edo jardunbide politikoaren zilegitasuna aldarrikatzen du.
- 5. Hartutako erabakia publiko egingo du Udalak ohiko bitartekoen bidez.
- 6. Erandioko Udalak poz handia erakusten du Erika Bilbao erandioztarra eta bere kideak ez direlako espetxean berriz sartu behar izango, inoiz hasi behar izan ez zen prozesu eta epaiketa dela eta.