Erandioko hiru autoeskolak (Altzaga, Arias eta Gaztegi) eta Getxoko seik (Amezti, Drive, San Inazio, Arias, Uribe Kosta eta Manolo) bat egin dute ekimen horregaz, aurten berritu duten hitzarmenaren bitartez. Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak ere aurreikusi du gutxi barru euskararen aldeko kanpaina hori martxan jartzea. Aurreko urteotan bezala, aurton ere autoeskoletan eskuliburuak eta testak erakusteaz gain, euskaraz erabil daitekeen simulagailua ere dute. Udalek lankidetza-hitzarmena berritu dute kanpainan parte hartzen duten autoeskolakaz. Berritasunen artean, azterketa prestatzeko behar diren teoria-liburuak eskainiko dizkiete; kanpainaren berri emango dute, eta laguntza eskainiko die autoeskolei karteletan eta zerbitzuetan euskara erabili dezaten.
Bestalde, autoeskolek hartutako konpromisoen artean daude: hizkuntza-paisaia euskaraz ere egotea, eta Gidabaimena euskaraz kanpainaren berri ematea. Gainera, udal biek 1.200 sarrera dituen hiztegia (bertsio digitalean eta paperezkoan) eskaini diete autoeskolei, interesa duten eta ekimenean parte hartzen duten gazteek beren hizkuntza-zalantzak argitu ahal izan ditzaten.