Euskal Herriaren Lagunek eskualdea bisitatuko dute

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 15a, 12:15

Askapena erakunde internazionalistak antolatuta, munduan zehar dauden Euskal Herriaren Lagunak taldeetako hainbat kidek bisitatuko dute Uribe Kosta, ekainaren 17tik 18ra. Egun horietan, euskal errealitatea ezagutu eta hainbat ekitaldi egingo dituzte. Hala, hilaren 17an presoen aldeko elkarretaratzean hartuko dute parte, Algortako Telletxe plazan, 20:00etan. Hurrengo egunean, zapatuan, ekitaldi publikoa eta herri-afaria egingo dute Algortako San Nikolas plazan, 21:00etatik aurrera. Txartelak Abian, Hator, Kurkudi eta Branka tabernetan eros daitezke, 10 euroan.

Askapenaren oharra:

Aurtengoan Uribe Kostako parajeetan aurkitzen gara Askapenak eta Euskal Herriaren Lagunek bertako herritarren laguntzarekin batera antolatutako topaketetan. Askapenako kide zein Europako hainbat bazterretatik etorritako elkartasun komiteetako kideak Euskal Herriaren errealitatearen inguruan hitz egiteko eta Euskal Herriarekiko elkartasuna bultzatzeko, eztabaidatu eta lerro komunak adosteko helburuarekin batuko gara.

Horrez gain, eskualdeko borrokak ezagutu eta gainontzeko herrietan egindako borrokak elkarbanatzeko aukera paregabea emango digu asteburu honek. Horretarako, ekimen ezberdinak antolatu ditugu Algortan bertan:

Alde batetik, ostiralean, presoak etxeratzearen aldeko kontzentrazioan, kanpaina bati bukaera emango diogu; izan ere, apirilaren 17an, preso politikoen nazioarteko egunaren bueltan, EHLek kanpaina hasi zuten, eta orain, Algortan, presoei idatzitako kartak presoen senideei eskainiko dizkiete.

Bestalde, larunbat gauean EHLek egiten duten lana ezagutzeko aukera izango da Txiki eta Otaegi plazan, gaueko 21:00etatik aurrera. Horrez gain, bertako produktuekin egindako afari herrikoia izango dugu giro ederrarekin batera.  

Beraz, Eskualdeko zein Euskal Herriko internazionalistoi prestatu diren ekimenetan parte hartzera dei egiten dizuegu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun