"Algortako Bertsolari Eskolak, Uribe Kosta eskualde osoan bertsogintzaren transmisioan eragiteaz gain, ekitaldi ugari antolatzen ditu urte osoan zehar. Baina uda sasoia beti izaten da berezia bertsolaritzarentzako, saioak biderkatu egiten baitira han eta hemen. ALBEk urteak daramatza udarako bertso-menu ikaragarria eskaintzen, eta aurtengoa ere ez da labur geldituko", azaldu dute bertso-eskolakoek.
Bariku honetan emango diote hasiera hiru hilabeteko bertso eskaintza paregabeari, Algortako Portu Zaharrean, urteroko zita bihurtu den Balkoitik balkoira bertso-saioagaz. Beñat Gaztelumendik eta Jone Uriak kantatuko dute Etxetxu plazako balkoi batetik bestera, 22:00etan hasita. Jone Uria algortarrak ez du lehen aldia izango saio berezi honetan, eta Bizkaiko Txapelketan bete betean murgilduta gabiltzan urte honetan berriro ere abestuko du, ia etxeko duen Etxetxu plazan. Bertan hartuko du Gipuzkoako txapeldun berri dugun Beñat Gaztelumendi añorgarra.
Hortik aurrera, gura beste bertso saio egongo dira gura beste formatutan, Getxo udalerrian zein Uribe Kosta eskualde osoko herrietan. Leioako San Juan jaiakaz hasi eta Erandioko San Agustin jaiak bitarte, jai-egitarau gutxi egongo da eskualdean bertso-saio barik: Gorliz, Barrika, Itzubaltzeta / Romoko bertso-saio eta bertso-poteoa... eta aurten, aspaldiko partez, Sopela eta Portu Zaharra ere bai.
Aipamen berezia merezi du Algortako San Inazio jaietako bertso-eskaintzak. Jaiek iraun egun denetan bertso-saioa egongo da Kasino plazan. Eta uztailaren 31n, San Inazio egunez, Bertso Maratoia egongo da; jaietako ezinbesteko zita. Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio txapeldun handiak ibiliko dira eguerdiko bertso-saiotik hasita, bertso-bazkarian eta osteko poteoan ere.
Baina, zelan aipatu barik utzi Bertso Saio Mundiala? Uztailaren 6an izango da aurtengo jaialdi berezia, 21:00etan, Algortako Bihotz Alai plazan. Puntako sei bertsolari: Andoni Egaña, Alaia Martin, Julio Soto, Igor Elortza, Jone Uria eta Fredi Paia igoko dira oholtzara, Miren Loizaga gai-jartzailearen aginduetara. Azken ordura arte jakiten ez den sekretua da, ohikoa den legez, aurtengo saioaren gai nagusia; baina, urtero gertatzen den moduan, entzuleak guztiz asebeteko dituen saioa prestatzen dabiltza ALBEko kideak.
Hitzaren Dantza
Eta uda-sasoiko ekitaldi sortari behar bezalako amaiera emateko, Hitzaren Dantza ekitaldi berezia izango da irailaren 25ean. Iaz, ALBEren urteurrenaren aitzakiaren pean sortu zen bertsoa, musika eta dantza uztartzen dituen jaialdia. Primerako saioa izan zen, eta aurten ere egin egingo dute, eskualdeko zenbait dantza-talderen lankidetzagaz.
Urteko balantzea
Bertso-urtea ez da, baina, udara mugatzen. "Orain arte egon diren ekitaldiak benetan arrakastatsuak izan dira: otsailean jokatu zen Abra Sariketa, Euskal Herri osoko bertsolari gazteek parte hartu zutena; aurtengo Uribe Kostako Bertsolari Txapelketa ere, azken urteetako arrakastatsuena izan da, zalantzarik gabe", ALBEko arduradunek diotenez. Udako hauek ere gehituko zaizkio ekitaldien zerrendari, eta urte bukaerara hurreratu ahala beste ekitaldi garrantzitsu bi izango dira: Bihotza Gazte izenaz ezaguna den saioa, beterano izanagatik oraindik plazaz plaza dabiltzan bertsolariakaz, azaroan, San Martin egunaren bueltan; eta urte bukaerako gala handia, abenduan. Aurrerago emango dute horien berri.