Alfredo Espinosa, Agirre Lehendakariaren sailburu fusilatua

ARGIA.EUS. Irudian, Espinosa zaurituak bisitatzen 1937an, Agirre lehendakaria ondoan duela. Beheko dokumentuan, bere kontrako sumarioan heriotza-zigorra agintzen duen epaia.

1937ko ekainaren 26an fusilatu zuten faxistek Gasteizen. Hilabete honetan inauguratuko dute bere izena daraman Urdulizko ospitalea. Alfredo Espinosa errepublikarra Bilbon zinegotzi, Burgos eta Logroñoko gobernadore zibil eta lehen Eusko Jaurlaritzako osasun sailburua izan zen. “Txiroen medikua” izenez ere ezaguna, ahalegin handia egin zuen gerra betean herritar guztientzako mediku-artapena ziurtatzeko. 

(Urdulizko ospitalea izendatu dute Alfredo Espinosa ospitalea).

[Artikulu hau Aitor Azurkik @AitorAzurki idatzia da, 2016ko ekainaren 26an, ARGIA.EUS-en eta CC-by-sa lizentziari esker argitaratu dugu HIRUKAn]

“Espinosari deitu diot. Oso berandu da: bostak eta laurden. Hitz egin dugu, konfesatu da. Negar handiz barkamena eskatu dio Jaungoikoari malko artean. Bere Pakita etengabe gogoratzen du. Zeruan berriz ikusiko dute elkar”. Alfonso Moreno jesuitaren hitzak dira, Alfredo Espinosa fusilatu aurreko une latz horietan berarekin egondako erlijiosoa. Ondoren, kamioira igo eta Gasteizko Santa Isabel hilerriko paretetan fusilatuta, hobi komun batean lurperatu zuten 1937ko ekainaren 26an. Agirreren gobernuko exekutatu bakarra dugu.

Bere ondoan, metro gutxira Jose Agirre artilleria-komandantea ere fusilatu zuten. Hil baino lehen, eskutitzak idatzi eta idatzi aritu ziren biak. “Espinosak asko sufritu zuen. Hesituta sentitzen zen, gaizki zainduta. Gau osoan idazten. Asaltoko guardiak, inoiz bezala oso adeitsu eta gizatiar, ia denbora guztian eurekin bakarrik utzi ninduten. Denbora behar zuten. Idazteko denbora. Exekuzioa atzeratzea beharrezkoa da. Telefonoz deitu dute, kontsultak eta erreguak daude… Papera amaitu da. Protesta egin dute. Erresidentziara joan naiz paper eske. Asko eskertu didate”, dio Morenok azken orduetako tentsioa agerian utziaz.

Gutunak, besteak beste, amari eta Agirre lehendakariari zuzendurikoak dira: “Nire lagun eta kide maitea –dio Espinosak horietako batean–. Zuri zuzentzen natzaizu Gobernu osoaren izenean, Gasteizko presondegian exekutatu baino apur bat lehenago. Zarauzko plazan preso hartu gintuzten hegazkina matxuratu zelako edo gidariaren traizioarengatik; epaitu eta heriotza-zigorrera kondenatu naute, eta gaur bi orduren buruan sententzia beteko dute”.

Erlijiosoak idatzi batean deskribatu zituen hilerrirako azken uneak: “Bidea gero eta motzagoa den itoaldia izugarria da. Jaitsi gara. Hormaren aurrean gaude. Eskapularioa jarri diot. Agur esan diot. Muxu eman diote, nire gurutzea musukatuz jarraitu naute biek. Kargatu! Apuntatu! Su!”.

Baina, nola amaitu zuen Agirreren gizonak frankisten eskuetan? Espinosa ekainean Baionara joana zen osasun-materiala erosi asmoz, Gorlizeko haurren koloniari lagunduta, hain zuzen. Lanok amaiturik, ekainaren 21ean Bordeleko aireportutik Santanderrera, borrokan ziren gainerako gobernukideengana itzultzeko hegaldia egin zuen, baina bat-batean aparatua Zarautzen lurreratu zen, José María Yanguas pilotuak traizionaturik.

Lan itzela haur errefuxiatuekin

Espinosak lan eskerga egin zuen bizitza osoan umeen eta behartsuenen egoera hobetze aldera: “Gerran herritarren mediku-artapenaz arduratu zen batik bat, bereziki ebakuatutako eta errefuxiatutako haurrez”, dio Jon Penche historialariak, Alfredo Espinosa. 1903-1937. Un republicano al servicio de Euskadi liburuaren egileak. Ospitale sare zabal baten sortzailea ere badugu. Iñaki Egaña Aranzadi elkarteko historialaria ere bat dator: “Ahalegin izugarria egin zuen ebakuazioetan. Lan itsusi eta ezkutukoena zen eta zirrikitu guztiak aprobetxatu zituen ospitaleak egiteko. Espainiako Gurutze Gorria desegin eta Euskadiko Gurutze Gorria ere sortu zuen”.

Medikuntza Fakultatearen sorkuntzan ere parte hartu zuen, “garai horretan ireki zen bakarra”, nabarmendu du  Penchek. Errepublikar familia ospetsu bateko semea izaki, konpromiso sozial eta politikoa gaztetatik izan zuen: “Unibertsitate garaietan ekin zion militantzia politikoari eta 1931n Partido Republicano Radical Socialista alderdiko zinegotzia izan zen Bilbon. Ondoren, Burgoseko eta Logroñoko gobernadore zibil izendatu zuten”. Medikua lanbidez, kontsultetako bat Bilboko San Frantzisko kalean zuen. “Txiroen medikua izenarekin ezaguna zen, auzoko behartsuak artatzen baitzituen doan”, dio.

Faxisten 1936ko estatu kolpea jazo eta segituan, Errepublikako Komisaldegi Orokorreko osasun arduradun izendatu zuten Bizkaian. “Estatu kolpearen indarra ikusirik, komisaldegia Defentsa Batzorde bilakatu eta komunikazio arduradun nagusi egingo dute Espinosa”, azaldu du bere biografoak.

Heriotza-zigorraren aurka

Espinosak argi ditu gauzak, eta halaxe adierazten dizkio lehendakariari: “Tribunalek inor heriotza-zigorrera kondenatuz gero, nire bozka, beste mundutik, beti indultuarena izango da”. Egoera gogorra izanagatik, beste presoez ere oroitu zen: “Atzo Lauaxeta fusilatu zutela uste dut, beste martir bat, asko daude heriotzara kondenaturik. Denon trukaketa ahalik eta lasterren egin ezazue, egoera horretan bizitza ikaragarria baita”.

Pencheren esanetan “kudeatzaile oso ona izan eta beti giza eskubideenganako errespetua gorde bazuen ere, Espinosaren memoria ahazturik egon da”. Bilbon bada Alfredo Espinosaren izena daraman kalea, baina Pencheri ulergaitza zaio zergatik erantsi dioten izenari “doktore” kargua eta ez, aldiz, sailburuarena. “Bere alderdia desagertu egin zen eta historiak xurgatu egin du Espinosaren irudi erraldoia”, gaineratu du Egañak. Bilboko 1937ko urtarrileko kartzela asaltoetan, adibidez, presoak laguntzen lehen sailburua izan zen.

Paradoxikoki, faxistek ez zioten bizitza barkatu, eta Espinosa trukatzeko Eusko Jaurlaritzaren saiakeren aurrean, Franco bera izan zen espresuki ezetz esan zuena: “Herriak justizia eta odola eskatu ditu”. Izan ere, bi historialarien aburuz, mediku eta sailburuaren exekuzioarekin eskarmentua eman nahi izan zitzaion Eusko Jaurlaritzari.
 

“Adiskide –idatziko dio Agirreri–, esan gure herriari Gobernuko sailburu bat adoretsu hilko dela, eta, atsegin handiz honen askatasunaren alde bizitza eskaini duela”. Amari, berriz, honela zuzendu zitzaion: “Zure seme Alfredo ausarki hilko da, Pepe hil zen bezala: sekula desohore eta doilorkeriarik egin ez dudanaren harrotasuna izan ezazu; nire Aberriarengatik, Espainiarengatik eta Errepublikarengatik hilko naiz”.

[Artikulu hau Aitor Azurkik @AitorAzurki idatzia da, 2016ko ekainaren 26an, ARGIA.EUS-en eta CC-by-sa lizentziari esker argitaratu dugu HIRUKAn]

Garai latzak dira. Ia egun batetik bestera gure bizimoduak hankaz gora jarri ditu birus batek, eta kolokan daude gauza asko. Hedabideontzat ere ez dira garai gozoak, noiz eta gure lanaren beharra inoiz baino agerikoagoa denean. Horregatik, zure laguntza materiala ere behar dugu aurrera jarraitzeko.

Honenbestez, HIRUKAlagun egitera animatzen zaitugu, urtean 35 euroko ekarpena eginda, edo gure 5. urteurrena dela eta martxan ipini dugun Eman Bostekoa HIRUKAri kanpainan parte hartzera (bost euroko ekarpena eskatuko dizugu). Horretarako, jarri gugaz harremanetan administrazioa@hiruka.eus helbidera mezu bat idatziz.


Izan zaitez HIRUKAlagun