Plentziako Udala eta Eusko Ikaskuntza dira antolatzaileak eta azaldu dutenez, jardunaldiok "Plentzia eta Uribe Kostako gizartearen bizitzaren Historia aztertzen jarraitzen dute metodologia zientifiko zorrotzak erabiliz IX. Jardunaldiek. Ikastaro honetan itsas eta lur Arkeologia eta Etnografiako gaiei buruz hausnartuko dugu, eskualdearen iragana ikerkuntzan, azterketan eta interpretazioan ezagutzen ditugun teknika aurreratuenekin lotuz".
Gonzalo Duo Benito egitasmoaren koordinatzaileak aurkeztuko ditu jardunaldiak lehenengo egunean, martitzena, Rosa Miren Pagola Petrirena Eusko Ikaskuntzaren Bizkaiko lehendakariordeagaz eta Keltse Macias Zarraga Kultura zinegotziagaz batera. Ostean, arkeologia berbetagai hartuta, "Neandertales de Barrika" berbaldia eskainiko du Iñaki Libano Silvente barrikoztar adituak (gaztelaniaz), eta aizkora-tailerra egongo da 20:00etan.
Bigarren egunean, eguaztena, itsas etnografiaren alorra landuko dute: lehenengo, "Plentziako itsasadar eta portuko egurrezko ontzien (tradizionalen) katalogoaren ondorioak" azalduko dituzte Gonzalo Duo Benito jardunaldion koordinatzaileak eta Javier García-Borreguero Arrasate Plentziako Museoko kideak (gaztelaniaz). Ondoren, 19:45ak aldera, "Ontzi tradizionalen inbentarioa eta katalogazioa. Oinarrizko kontzeptuak eta tipologiak" hitzaldia emango du Juan Antonio Apraiz etnografo eta merkataritza-nabigazioko kapitainak (gaztelaniaz).
Amaitzeko, eguenean, toponimiaz jardungo dute, Gorlizko leku-izenez, hain zuzen ere; horien ikerketa, azterketa eta normalizazioaren gainean egingo dute berba (oro har, gazteleraz). Horretarako, Euskaltzaindiako Patxi Galé, Txorierriko Mankomunitateko Josu Larrañaga eta Victor Lobato analista eta programatzailea gonbidatu dituzte.
Egitaraua
- Uztailak 12, martitzena
19:00 Jardunaldien aurkezpena.
19:30 "Barrikako Neardentalak" berbaldia emango du Iñaki Libano Silventek (gaztelaniaz).
20:00 Aizkora tailerra.
- Uztailak 13, eguaztena
19:00 "Plentziako itsasadar eta portuko egurrezko ontzien katalogoaren ondorioak" azalduko dituzte Gonzalo Duok eta Javier Garcia-Borreguerok (gaztelaniaz).
19:45 "Ontzi tradizionalen inbentarioa eta katalogazioa" berbaldia emango du Juan Antonio Apraizek (gaztelaniaz).
- Uztailak 14, eguena
19:00 Gorlizko leku-izenak izango dituzte berbabide, Patxi Galek, Josu Larrañagak eta Victor Lobatok (gaztelaniaz).