Unibertsitate-titulua daukaten ikasleentzat, gehienez sei hilabete iraungo dute praktikek; lanbide-heziketa dualeko ikasleentzat, berriz, 800 ordu. Novia Salcedo Fundazioak (NSF), Bizkaiko Lanbide Heziketako Ikastetxe Publikoen Elkarteak (Ikaslan) eta Somorrostroko Lanbide Heziketako ikastetxeak egingo dituzte kudeaketa-lanak eta aurretiko hautaketa.
Programa, oinarriak eta arlo funtzional bakoitzaren berariazko eskaintzak irailean argitaratuta egongo dira udalen webguneetan (www.fundazioa.bilbaoport.eus).
Fundazioari buruz
Bilboko Portuko Agintaritzaren eta ibaiertzeko bederatzi udalerrietako agintariek (Barakaldo, Bilbo, Erandio, Getxo, Leioa, Portugalete, Santurtzi, Sestao eta Zierbena) osatzen dute Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioa; portu-jarduerari lotutako hogei bat enpresa eta erakunderen laguntza dauka.
Helburu hau du fundazioak: "arlo soziokulturalerako eta aisialdirako interes orokorreko planak eta ekintzak sustatzea eta garatzea, haien bidez hobeto ezagutzeko Bilboko Portuak eta Bilboko itsasadarrak gaur egun eta historian zehar izan duten garrantzia Bizkaiaren garapen ekonomikoan eta sozialean eta itsasertzeko udalerrien integrazioan".
Fundazioaren jarduerek xede hauek dituzte: ikerketa-lerroak garatzea eta sustatzea; mintegiak, sektorekako topaketak eta trebakuntza-ikastaroak antolatzea eta egitea portuarekin eta udalerriekin loturiko sektoreetan; portuko gaietan trebatzeko bekak eta laguntzak ematea; portuko zerbitzuei buruzko azterketa-proiektuak egitea; azoka, mintegi eta bestelako foroetan parte hartzea; arlo sozialean, kulturalean eta kirol-arloan egiten diren jarduerekin bat egitea eta halakoak babestea; sektoreko administrazioen, erakundeen eta/edo eragileen arteko lankidetza sustatzea; eta inguruan dauden irabazi-asmorik gabeko gainerako erakundeekin lankidetzan aritzea.