Nizako sarraskia udaletxeen aurrean gaitzestera deitu du Eudelek

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 15a, 10:22

2015eko azaroaren 15ean Parisko atentatuak gaitzesteko elkartu ziren Getxoko udaletxearen aurrean. Bide batez, Sirian eta hainbat herrialdeetan ematen diren erasoak salatu zituen EH Bilduk. © IBON RODRIGUEZ LARRINAGA (EH BILDU)

Gizon batek 84 lagun hil zituen bart Nizan kamioi bategaz harrapatuta, Frantziako Errepublikaren eguneko ekitaldietan. Hala, Euskadiko Udalen Elkarteak 5 minutuko elkarretaratze isilak deitzera gonbit egin die udal denei, gaur, barikua, uztailak 15, eguerdiko 12:00etan, udaletxeen aurrean.

 

Eudelek gaitzespen irmoa adierazi du bart Nizan hildako asko eta zauritu ugari eragin zituen atentatuaren aurrean. "Eudelek erabateko irmotasunez gaitzesten du indarkeria terroristaren basakeria, eta dolumina eta elkartasuna helarazi gura die biktimen senide eta hurbilekoei", erakundeko arduradunek adierazi dutenez. Une latz honetan, Euskadiko Udalen Elkarteak "besarkadarik solidarioena eta hurbiltasun-sentipen sakonena" bidali gura die Nizako hiriari eta Frantziako herritar denei.

Francois Hollande presidentea Avignonen zen une horretan, eta berehala Pariserantz joan da, krisi batzordean parte hartzera, Eliseoan. "Atentatu terrorista" izan dela esan du, eta Frantzia osoa "mehatxu terroristaren pean" dagoela. Aurreneko erabakia ere hartu dute Frantziako agintariek: uztailaren 26an kentzekoak ziren salbuespen-egoera beste hiru hilabetez luzatzea erabaki dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun