Domekan goi mailako traineru-estropada, Getxon

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 16a, 13:00

© Getxoko Udala

Getxoko Ikurriña-Jose Antonio Agirre Lehendakariari Omenaldia arraunketa egingo da bihar, hilak 17, 12:00etatik aurrera; emakumeen zein gizonen goi-mailako ligen probak jokatuko dira. Ostean, Uribe Kostako hainbat traineruk parte hartzen duten KAE ligako estropada izango da, 14:00ak aldera.

XXXVIII. Getxoko Ikurriña eta XI. Jose Antonio Agirre Lehendakariari Omenaldia estropadak jokatuko dituzte domekan Getxoko uretan. 12:00etan dute hitzordua Euskotren Ligako 4 traineruek (emakumeen arraunketa-liga): pasa den denboraldiko txapeldun San Juanek, Hibaikak, Oriok eta Cabo de Cruzek. 12:30ean irtengo dira San Miguel Ligako Kantauriko 12 ontziak; txanden banaketa aurreko eguneko sailkapenaren araberakoa izaten da.

Horien ostean, KAE ligako proba egingo da, 14.00ak aldera. Horretako 2. taldeak lehiatzen dira Arkote Helvetia, Getxo Arraun eta Lutxana A. E. Plentziarrak eta getxoztarrak sailkapeneko lehenengo postuetan dabiltza, gainera.

Udaletxean egindako harreran, Getxoko alkate Imanol Landak akordura ekarri zuenez, "arrauneko elitea itzuliko da eta itsasoari begira dauden Euskadiko herri guztietan bezala, arrauna maitea den eta gure kirol eta kultura-tradizioan sustraitua dagoen kirola da. Getxok bizirik eusten dio tradizio horri, neurri handi batean, Getxo Arraun eta Raspas del Embarcadero kluben lanari esker. Biek ere, ibilbide luzea dute eta arrauna sustatzeko lan eskerga egiten dute arraunaren modalitate guztietan, duela hainbat belaunalditik. Beraz, honelako aurkezpenetan, gure klubek eta kirol-elkarteek, Getxo Kirolak-ekin elkarlan estuan, kirol-jardueren sustapenean duten meritua eta haiek egiten duten balio-ekarpen handia aitortzea beharrezkoa da". Orain dela gutxi zendutako Jose Ignacio Polo ere izan zuen gogoan Landak: "Algortako Arraun Taldeko arraunlari ohia ekarri nahiko nuke gogora, duela egun batzuk hil dena. Gure esker ona beretzat arraunlari gazteenei utzi dien kirol-legatuagatik eta gure maitasuna eta doluminak kide izan zeneko klubari eta bere familiari, kirol honi guztiz lotuta dagoenari".

Getxoko Udalak azaldu duenez, "azken denboraldietan bezala, Getxo Arraun-ek eta Getxo Kirolak-ek hiru estropadak egun berean ospa daitezen lanean jardun dute, baliabideak optimizatzeko eta hondartza-garaian Ereagara eta kirol-portura doazen herritarrei ahalik eta eragozpenik gutxien eragiteko asmoz. Ildo horretatik eta jende asko hurbilduko denaren aurreikuspenarekin, igande honetan Getxora hurbilduko direnei ahal den heinean autoz ez etortzea gomendatzen zaie".

Getxoko uretan jokatuko den hurrengo arraunketa uztailaren 30ean, zapatua izango da, beteranoen XIII. Ikurriña Portu Zaharra estropada, hain zuzen ere. ABE Ligako proba da, eta horretan lehiatzen da ere Getxo Arraun ontzia. Estropada hori Arriluzeako kontrakaian egingo da, 16:30etik aurrera.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun