Iazko Kontu Orokorra onartu du Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2016ko abu. 1a, 14:31

Getxoko Udalbatzak 2015eko Kontu Orokorra onartu zuen oporren aurreko azkenengo osoko bilkuran, pasa den eguaztenean. Gobernu Taldearen (EAJ eta PSE-EE) aldeko botoakaz, Ciudadanos, Guk eta EH Bilduren abstentzioakaz eta PPren aurkako botoakaz ontzat jo zituzten kontuok.

Gobernu Taldearen esanetan, Udalaren Funts Propioak 5 milioi euro baino apur bat gehiago handitu dira 2015ean; hau da, 2014an baino % 3,12 gehiago dira. Bestalde, kreditu-erakundeakaz dituen epe luzeko zorrak murriztu egin ziren: 3 milioi gutxiago dira; hau da, ekitaldi amaierako zorraren % 14,40 gutxiago. Kopuru absolutuetan, presio fiskalak 492.000 euroan behera egin zuen.

Ignacio Uriarte Ogasuneko zinegotziaren arabera, "2015eko ekitaldian, Udalak presio fiskal osoa gutxitu zuen; gastu publikoa (gizarteari eta udalerriari diru gehiago itzuliz), ondarea eta Getxoren Funts Propioak handitu zituen; Udalaren zorra murriztu zuen, eta balizko ondare-arriskuen aurrean Udalaren erantzuteko ahalmena areagotu zuen". Horrez gainera, "ibilgetu materiala ia 12 milioikoa" dela gogorarazi zuen eta, hala, "Udalak dauzkan 12 milioi gehiago, alegia”.

Oposizioko taldeek ere iritziak azaldu zituzten, euren bozkak argudiatuz. Hala, zabaldu du Udalak prentsa-oharrez:

GUKek hitz egin zuen aurrena. Abstenitu egin zen, esan zutenez, “2015eko Kontu Orokorra udal aurrekontuaren laugarren luzapenaren emaitza delako, eta etxebizitza sozialerako funtsetik 3,7 milioi atera zirelako Getxo Antzokirako. 9 milioi baino gehiago gastatu ziren Getxo Antzokian, Romoko Kultur Etxean eta Punta Begoñako Galerietan; gure zabor zerbitzuak eta zergak garestienetakoak dira... Finean, politika soziala eta etxebizitza-politika gure planteamenduen kontra-kontrakoak dira”.

EH-Bildu ere abstenitu zen eta adierazi zuen Kontu Orokorra aurreko urtearen emaitza den arren, aurrekontu luzatu batekin, “aurtengo aurrekonturako lortu dugun akordioari esker Gobernu Taldearen lana hobeto kontrolatu ahalko dugula eta gerakineko dirua gastatzea lortu dugula”.

PPk aurkako botoa eman zuen, “gure zor publikoa, zergak eta tasak, eta Diruzaintzako gerakina gure inguruko handienak direlako.2015. urtean ez ziren 39,2 milioi euro gastatu. Gizarte Larrialdietan 894.000 euro baino ez ziren gastatu, ez dago etxebizitza sozialik, OHZ ordaintzeko bideratu behar ziren 203.000 euroetatik 75.000 euro baino ez ziren gastatu, ...”.

Uztaileko osoko bilkuraren mozioak eta beste

Kontu Orokorraren gaiaz gainera, epai baten berri jaso eta 5 mozio onetsi zituen Udalbatzak.

Batetik, EAEko Justiziako Auzitegi Nagusiaren "epai irmoaren" arabera, Udalak 11.354 euro ordaindu behar dizkio Lagunduz elkarteari.

Bestetik, mozioei dagozkienez, horien "lekukotasun-izaera" kontuan hartuta, hauek dira onetsitako bostak:

Lehenengoa, PPk aurkeztu zuen: aplikazio bat sortzeko eskatu zuten mozio horren bidez, Udala herritarrengana hurbiltzeko helburuagaz. Zehazki, herritarrek kexa edota iradokizunak egiteko aplikazioa litzateke. Gobernu Taldea daborduko lanean dabil horretan, baina proiektu zabalagoa da, eta ez bakarrik kexa eta iradokizunak egiteko.

Bigarren mozioa GUK taldeak aurkeztu zuen, autokarabanak aparkatzeko eremu bat eta beharrezko hornikuntzak jarri ahal izateko balizko lekuen bideragarritasuna eta aukera aztertzeko eskatzeko.

EH Bilduk mozio biren oniritzia jaso zuen: lehenengoak, gaztelania hutsean dauden kale-plakak identifikatu, kendu, zuzendu eta ordezkatzeko eskatzen zuen; besteak, indarrean dauden lan-poltsetan dauden pertsonen kontratazioa lehenesteko.

Onetsi zuten azkenengo mozioa Ciudadanosek aurkeztu zuen: Getxon emakumeentzat seguruak ez diren guneetan zaintza-gailuak jartzeko eta lekuotako argiztapena hobetzea. Horri erantzunez, Gobernu Taldeak adierazi zuen mozioaren arabera segurtasunik ez daukaten gune horiek 2009ko dokumentuan jaso zirela, baita hiria planifikatzerakoan esku hartzeko irizpide orokorrak ere, genero ikuspegia eta pertsonen eguneroko bizitza kontuan izanda. Irizpide horien bidez, besteak beste, guneen argiztapena oinezkoarengana zuzendu beharrekoa da, eta landaretzak ikuspena oztopatzea edo "txoko itsuak" sortzea galarazi beharra dago. Gobernu Taldeak esan zuen horregaz denagaz lanean dihardutela, eta leku horietako asko hobetu egin direla daborduko; beste batzuk, ordea, zelan hobetu aztertzen dabiltzala. Gainera, Gobernu Taldeak zehaztu zuen zaintza-gailuak ipintzeko proposamena ez dela hain erraza, Eusko Jaurlaritzak baimena eman behar duelako. Horretarako zenbait baldintza bete beharrekoak dira, eta Getxon gaur egun baldintza horiek ez dira betetzen; beraz, ezinezkoa litzateke horrelakorik jartzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun