Plentzia, Gorliz eta Muriolan bainua hartzeko murriztapenik ez, daborduko

Iker Rincon Moreno 2016ko abu. 5a, 16:30
© BFA

Plentzia, Gorliz eta Muriola (Barrika) hondartzetan uraren kalitatea ona da, daborduko; pasa den astean bainua hartzeko mugak ezarri zituzten, oraindino jatorri ezezaguna duen isuri kutsakor batengatik. Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak hondartza-sasoiko lehenengo hilabeteotako datuak eman ditu: bisitari gehien jaso dituen Bizkaiko hondartza Sopelako Arriatera-Atxabiribil izan da, eta Ereaga, hirugarrena; sorospen-zerbitzuen artatzeen zenbatekoa eta hondakin-batzearen kopuruak ere jakinarazi dituzte. 

Uztail amaiera eta abuztu hasieran, sorosleen ahotsak arreta ematen zuen Gorliz eta Plentziako hondartzen bozgorailuetatik 15 minutuko bainu laburrak hartzeko gomendioagaz. Ziotenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako analisi teknikoek "uraren kalitatea urria" zen, gaztelerazko mezuan "suficiente" esaten bazuten ere. Hori dela-eta, bainu laburrak eta ostean dutxa hartzeko aholkua ematen zuten.

Badiara barnealdetik heldutako isuri kutsakor batek eragin ei zuen egoera; hala ere, hainbat hipotesi eta azterketa egin arren, "oso informazio gutxi" dagoela eta oraindino isuriaren jatorria zein izan den ez dutela argitu adierazi du Plentziako alkate David Crestelok: "Ura jada ondo dago, bainua librea da; ez dago informazio askorik, asteotan uraren kalitatea urria izan dela baino ez, baina ur zikinak nondik zetozen ez du inork jakin".

Bestalde, gaur eman ditu Bizkaiko Foru Aldundiak hondartza-sasoiko hainbat datu. Orain arte bisitari gehien izan dituzten hondartzak Sopelako Arriatera-Atxabiribil (153.927 personas), La Arena (149.401), Getxoko Ereaga (130.035) eta Laga (107.245) dira, hondartza-zaintzailek hondartzan bertan egindako zenbatespenen arabera. Horren albotik, momentuz, aurtengo hondartzazaleak iaz baino %7 gutxiago izan dira, "ziur aski egun eguzkitsu gutxiago egon direlako denboraldiaren lehenengo zatia honetan:aurtengo ekain eta uztailean 18 eguzki-egun izan dira; iazko hil horietan, berriz, 22 egun". Sorospeneko foru zerbitzuak 3.487 pertsonari lagundu die, eta 1.654 tona hondakin batu dituzte dagoeneko Bizkaiko hondartzetan.Aldundiak prentsa-oharrean laburbildu du:Bizkaiko Foru Aldundiko Salbamendu eta Sorospen Zerbitzuak 3.487 pertsonari lagundu die, eta garbiketako foru zerbitzuak 1.6 tona hondakin atera du hondartzetatik. Zifra bi horiek osatzen dute hondartzen denboraldiaren balantzea, haren erdialdea igaro denean. Horrez gainera, azpimarratu behar da hondartzainek gorabehera eta erreklamazio gutxiago erregistratu dituztela eta 1.285.626 pertsonak bisitatu dituztela gure hondartzak.
Salbamendu eta Sorospen Zerbitzuak lagundutako erabiltzaile gehienei —3.419 pertsona— sorospen-postuan arreta jaso ondoren eman zaie alta, eta gainerakoak —68 pertsona— osasun-zentroetara eraman dituzte. Gorabehera motei dagokienez, zerbitzuak egindako jarduketa gehienek zauriekin (1.923 kasu), xabiroiaren ziztadekin (414 kasu) eta traumatismo itxiekin (291 kasu) izan dute zerikusia.  Bestalde, uztailean eman dira arreta-zerbitzu gehien (2.565), batez ere, asteburuetan; zehazki, jardueren ia erdiak uztaileko asteburuetan metatu dira. Ekainean, ostera, astearte eta asteazkenetan egin dira jarduera gehienak; hain zuzen, ekaineko egun horietan, 441 pertsonari eman zitzaien laguntza, eta, ekain osoan 922 kasu izan dira.Bestalde, hondartzetako garbiketa-zerbitzuak 1,6 tona hondakin atera du hondartzetatik, abuztuaren 1era arte. Hondakin gehienak mareek itsasbazterrean utzitako materialak dira, hala nola makilak, egur zatiak eta plastikozko botilak; guztira, 1,3 tona. Erabiltzaileek sortutako hondakinak, berriz, 342.752 kilo dira, guztira. Hondartza-zaintzaileek hondartzetan erregistratutako gorabeherei eta erreklamazioei dagokienez, batzuk zein besteak gutxiago izan dira (% 12,93 eta % 18,09, hurrenez hurren), iazko epe berarekin alderatuz gero. Zehazki, 815 gorabehera erregistratu dira. Haietako gehienak megafonia-arazoekin (104), dutxekin eta oinak garbitzekoekin (96) lotuta daude, eta arrazoi horiexengatik aurkeztu dira erreklamazio gehienak (77).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun