Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2016

Mendia, Iturrate, Landa, Pinedo, Laka, Mintegi eta Arrue, Legebiltzarrerako hautagai

Iker Rincon Moreno 2016ko abu. 24a, 16:25

Idoia Mendia da sozialisten zerrendaburua. © PSE-EE

Datorren irailaren 25ean, EAEko 1.778.776 hiritarrek izango dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea. Bizkaian, 947.630 pertsonek bozkatu ahal izango dute 338 mahaitan, 15 hautagaitzen artean 25 legebiltzarkide aukeratzeko. Zerrendetan, Uribe Kostako hainbat pertsona ezagun dago.

Besteak beste, honako uribekostarrak dira hautagai: EAJn, Iñigo Iturrate algortarra izango da zerrendaren bigarrena; eta Imanol Landa Getxoko alkatea, 17.a.

PSE-EEn, Idoia Mendia Barrikako zinegotzi ohia lehendakarigaia izango da; Carmen Diaz Erandioko zinegotzi ohia 9. postuan doa; 15.a da Aitana Lopez Hernandez Bizkaiko Gazteria Sozialisten batzordekide astrabuduarra; eta Isabel Celaa Areetako legebiltzarkide ohia, zerrenda ixten doa.

EH Bildun, Leire Pinedo legebiltzarkide sopeloztarra doa 5. postuan; Paul Laka gazte algortarra eta Laura Mintegi idazle eta lehendakarigai ohi algortarrak itxiko du zerrenda.

PPn, Xabier Olabarrieta legebiltzarkide eta zinegotzi leioaztarra izango da 4.a; atzean Javier Ruiz zinegotzi getxoztarra eta Bizkaiko PPren idazkari nagusia dago zerrendan; 10. postuan Iñaki Gamero zinegotzi getxoztarra doa; 13. lekuan aurkeztu da Marisa Arrue Getxoko PPren buruzagi ohia; azkenik, Carlos Iturgaizek popularren zerrenda itxiko du.

Kontuak hala, 15 hautagaitza izango dira bozkagai: EAJ, PSE-EE, EH Bildu, PP, Partido Humanista, Euskal Komunistak - PCPE, Pacma, Ongi Etorri, Aulki Zuriak, Ciudadanos, Ganemos Irabazi, Recortes Cero-Grupo Verde, Elkarrekin Podemos (Ahal Dugu, Ezker Anitza eta Equoren koalizioa), Partido Familia Y Vida eta Partido Libertario.

Zerrendak osorik

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun