Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko euskarari buruzko liburua aurkeztuko dute bihar

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 8a, 12:00

Koldo Zuazok egin du liburua, Urtzi Goitigaz batera. © KOLDO ZUAZO
"Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko euskara" liburua aurkeztuko dute bariku honetan, irailak 9, Urtzi Goiti eta Koldo Zuazo EHUko irakasleak. Hitzordua 11:00etan jarri dute, Bilboko Kaldarapeko tabernan (Zazpi Kaleetako Txakur kalea).

Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdea euskararen ipar-mendebaleko ertzean daude eta horregatik da hango hizkera berezia, Goiti eta Zuazoren ustez. Alde batetik, gauza zaharrak gorde dira; bestetik, gauza berriak sortu dira. 25 herri daude eremu honetan; batzuk haziak eta ezagunak: Getxo, Leioa, Mungia, Derio, Bakio, Zamudio…

Liburuak hiru atal nagusi dauzka. Lehenengoan gramatika egitura erakusten da; bigarrenean hiztegia dator eta, hirugarrenean, hizkera horien egitura dialektala. Hiztegia zabal samarra da: 572 sarrera eta 63 azpisarrera ageri dira.

Egitura dialektalari dagokionez, Uribe Kostako euskara homogeneoa da. Aditu bien berbetan, 11 herrik osatzen dute eta tartean daude Mungia ondoko Gatika, Laukiz eta Jatabe-Maruri. Leioan, Erandion eta Loiun ere antzeko euskara egiten da. Mungialdean eta Txorierrin ez dago horrelako batasunik: hizkuntza mailaz maila aldatzen da mendebaletik ekialdera egin ahala. Busturialdearen (Bermeo, Gernika, Zornotza) gertutasuna eta eragina nabari da. Gertakari horiek guztiok ikusteko, 41 mapa agertzen dira liburuan.

Urtzi Goiti eta Koldo Zuazo EHUko irakasleak dira. Leioaztarra da Urtzi Goiti, eskualde honetako hiztuna. Zuazok antzeko lanak egin ditu Euskal Herrian barrena.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun