Bizkaiko Eskola Kirola aurkeztu dute Ander Deunako neska-mutilek

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 16a, 16:40
Ander Deunako ikasleek hainbat kirol-jarduera irudikatu dute.

Sopelako Ander Deuna ikastolako neska-mutilek egin dute gaur goizean 2016-2017 ikasturteko Eskola Kirolaren aurkezpena. Ehundik gora kirol-jarduera izango dira Bizkaiko eskola-ume guztientzat. Urtero, Bizkaiko ia 45.000 umek baino gehiagok parte hartzen dute kirol-jarduerotan, Aldundiak emandako datuen arabera; orain hamar urte baino %35 gehiago, ia 16.000 haur gehiago, alegia.

Besteak beste, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia izan da Ander Deunako ikasleakaz. Rementeriak azpimarratu duenez, "eskola kirolean garrantzitsuena ondo pasatzea eta irribarrea da". Zentzu horretan, ahaldun nagusiak erronka bat plazaratu dio Bizkai osoari: ikasturte honetan, gurasoen jarrera desegokiak zigortzeko erabiltzen den "txartel beltza erabili beharrik ez izatea. Epaileek inori jokabide txarrik aurpegiratu beharrik ez izatea. Datorren urtean harro egoteko aukera izatea, errespetuz eta dibertsioz betetako denboraldi bat izan dugulako. Izan gaitezen eredu on bat gure seme-alabentzat. Hezi ditzagun kirolaren bitartez".

Foru Aldundiak Bizkaiko agente guztiakaz lan egiten du denboraldi bakoitzean, "kirol-jardueren arloko aukera eta gustu denak biltzen dituen eskaintza bat aurkezteko. Bizkaiko eskola-ume guztien artean kirolerako ohitura osasungarria sortzea da Eskola Kirolaren helburua. Kirola egiteko ohitura gazte-gaztetandik hartuz gero, etorkizuneko gizartea osasuntsuagoa izango da. Aldundiaren misioa zera da: kirola sustatzeko politikak sustatzea, horrela erraztasunak emateko bizkaitar guztiei kalitatezko kirol-jarduera bat izan dezaten, bizitza osoan zehar, bakoitzaren beharrizanei eta interesei egokitua", gaur goizean azaldu dutenez.

Aldundiko kideen arabera, "Kirola osagai egituratzaile eta transbertsala bilakatu da gure gizartean, eta gizarte-tresna zoragarria da, zeren, haren bitartez, alderdi pertsonalak eta sozialak lantzen baitira: autoestimua, helburuak gainditzea eta frustrazioa lantzea hobekuntza bide modura, alde batetik, eta, bestetik, talde-helburuak lortzea edo gizarte-sareak ehotzen ikastea. Kirolari berez dagozkion balioak dira, argi dago, eta era positibo batean garatzen dira, lagun askoren lan egokiari esker". Entrenatzaileak, zuzendaritzetako kideak eta gurasoak aipatu dituzte horretan.

Horretarako, 2016-2017 denboraldian, eskola kiroleko begiraleentzako ikastaroa egiten jarraitzeko asmoari eutsi dio Aldundiak, prestakuntza hori ahalik eta Eskola Kiroleko entrenatzaile gehienei hurbiltzeko (400 plaza, txanda bitan).

"Agenteei laguntzeko eta guztion artean Eskola Kirolaren programa hobe bat egiteko", Aldundiak 3k Programa eskainiko du, kirol erakundeen kudeaketa hobetzeko programa. Eskaintza hori Euskalit erakundeagaz, beste foru aldundiakaz eta Eusko Jaurlaritzagaz batera. Doako programa bat da, eta hogei bat erakundek ematen dute izena urtero, beren kudeaketa hobetzeko prestakuntza jasotzeko.

Eskola-ume denei eskaini zaie Eskola Kirola; programak hainbat jarduera biltzen ditu katalogo batean: Kirolean hastekoak (Heiziki eta kirol askotarikoa), lehiaketakoak  eta hastapen zein jolasekoak. Guztira, ehundik gora jarduera eskaintzen dira, modu askotako kiroletan. Hona zer kirol eskaintzen zaizkien eskola-umeei: ur-azpiko jarduerak, xakea, txirrindularitza, aireko kirolak, negu-kirolak, esgrima, golfa, hipika, hockeya, borroka, mendia, padela, patinajea, euskal pilota, arrantza, piraguismoa, arrauna, errugbia, surfa, mahai-tenisa, arku-tiroa, bela, aerobica, atletismoa,saskibaloia, eskubaloia, hondartzako eskubaloia, beisbola, krosa, herri kirolak, kirol-eskalada, eski alpetarra, frontenisa, areto-futbola, futbola, gimnastika artistikoa, gimnastika erritmikoa, gimnastika tranpolina, hockeya patinetan, hockeya lerroko patinetan, roller Street, free skate-freestyle slalom, judoa, karatea, igeriketa, igeriketa sinkronizatua, skatea, taekwondoa, tenisa, triatloia, txikiboxa, hondartzako boleibola, boleibola eta waterpoloa.

Kirolean hastea

Bizkaiko Foru Aldundiaren ustez, kirolean egiten diren lehen urratsak funtsezkoak dira geroago edozein kirol mota ikasteko. Aldundiak zenbait jarduera eskaintzen dizkie benjaminaurreko kategoriako eskola-umeei (lehen hezkuntzako lehen eta bigarren maila), Heziki programaren bitartez, eta askotariko kiroleko jarduerak berriz benjamin kategoriakoei.

Heziki

Heziki, hastapen-jardueren programa, zenbait urtetako lan-prozesu baten ondorioa da, Aldundiko profesionalek, erakundetik kanpokoek eta kirol-jardueretan ibili diren beste erakunde zein elkarte batzuek denek elkarregaz egina. Haren bidez, neska-mutilen mugimendu-gaitasunaren garapena sustatu nahi da, aldi berean kirolerako eta jarduera fisikorako zaletasuna bultzatuz.

Joan den ikasturtean, mila ikaslek baino gehiago parte hartu zuten programa horretan, eta Foru Aldundiak bitarteko gehiago eta pertsona gehiago jartzea bideratu ditu Heziki indartzeko, programaren hirugarren urtean.

Askotariko kirola

Eskola Kirolaren programak askotariko kirolaren jarduera ere proposatzen du: jarduera sorta bat benjamin kategoriako eskola-umeentzat, apurka-apurka has daitezen kirola egiten. Horrela, eskola-umeek aukera dute zenbait kiroletan lehen urratsak egiteko, kirol desberdinak ezagutu ditzaten eta gustukoen dutena eta ondoen egokitzen zaiena aukeratu ahal dezaten.

Lehiaketa-jarduerak

Multzo honetan sartzen dira lehiaketarik ohikoenak eta ezagunenak, kirol modalitate guztietako ligak eta txapelketak: boleibola, eskubaloia, padela, futbola, saskibaloia... Lehiaketa-jarduerok hiru taldetan banatzen dira, kirol-mailaren eta helburuen arabera: parte-hartzea, errendimenduari ekitekoa eta lehiaketa murriztuak.

Honakoak dira Aldundiaren helburu nagusiak lehiaketok egituratzeko orduan: eskola-ume guztiek parte hartzea eta egonkortasuna ematea neska-mutilei beren kirolean. Helburuon arabera, zenbait arau ezarri dira, hala nola izena emandakoen %80k bertaratu behar duela A eta R ligen kasuan.

Hastapen eta jolas jarduerak

Hastapen- eta jolas-jardueretan, berrikuntza modura, gurasoek egin dezakete inskripzioa zuzenean aurten. Gurasoen eskariari jarraituz, "ahal ziren hobekuntza guztiak" egin dira familiek errazago eman dezaten izena. Hori dela eta, nahiz eta beren ikastetxeak ez eskaini Eskola Kirolaren programako halako jarduerarik, familiek aukera izango dute seme-alabak halako jardueretan inskribatzeko. Gainera, 3 pertsona gehitu ahal izango dira, gehienez, inskripzioan (beste lagun batzuk, esate baterako).

Beste alde batetik, eskaerarik handiena duten jardueretan (hipika eta surfa, adibidez) aldatu egin da adjudikazio-sistema: izena-emateko epe bat egongo da, eta, gero, zozketa bidez emango dira plazak.

Izen-ematea

Zabalik dago daborduko izena emateko epea, eta, beraz, izena eman gura duten erakundeek honako web-orri honetan aurkeztu beharko dute eskabidea: Bizkaia.eus/eskolakirola. Era berean, beren seme-alabak hastapen- edo jolas-jardueraren batean inskribatu nahi dituzten familiek web-orri berean eman dezakete izena.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun