Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2016

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak: sei galdera, eskualdera begira

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 22a, 18:04

Irailaren 25eko hauteskundeetara aurkeztuko diren sei alderdi bozkatuenen zerrendetan dauden eskualdeko hautagaiei sei galdera egin dizkiegu: Uribe Kostari lotutakoak eta Jaurlaritzaren eskumena diren kontuen gainekoak. Aipatzekoa da, erantzun dutenetatik Elkarrekin Podemos eta Ciudadanos alderdiek ez dutela eskualdeko hautagairik euren zerrendetan, horregatik sopeloztar diputatuak eta getxoztar zinegotziak erantzun dituzte itaunak.

Beste hautagaitzak

Kontuan hartu, hauteskundeotan ez direla lehiatuko sei hautagaitza hauek bakarrik. Bizkaian, beste zortzi zerrenda bozka daitezke: Partido Humanista, Euskal Komunistak-PCPE, PACMA, Ongi Etorri, Aulki Zuriak, Ganemos Euskadi, Recortes Cero eta Partido Familia y Vida. Partido Libertarioren boto-paperak ez dira izango, Hauteskunde Batzordeak ez baitu onartu.

EHUren Leioako campusaren garapenari dagokionez, zer egin asmo duzue?

EAJ-PNV: UPV-EHUren campusak ibilbide luze eta zabala egin du eta unean uneko errealitate eta beharrizanetara moldatzen jakin du. Oraingo errealitateetara moldatzeko lan hori hizkuntzen alorrean ere eman da. Gaur egun, euskarazko ikasketen eskaintza maila guztietan eta espezialitate guztietan zabaltzen ari da eta unibertsitateak eskaintzen dituen zerbitzuak gero eta elebidunagoak dira. Arlo hau, dena dela, lantzen jarraitu beharko dugu euskararen normalizazio osoa lortu ahal izateko. Campuserako garraioari dagokionez, EAJ-PNVren hauteskunde egitasmoak jasotzen du Leioatik unibertsitateraino tranbia zerbitzua abian jartzea, gaur egun ematen diren garraio zerbitzuak osatuko dituena.

EH Bildu: Unibertsitateak muga argiak ditu garatu ahal izateko. Egungo markoa gainditu, lege berri bat martxan jarri eta unibertsitate propioa sortzea da gure apustua, non euskarak merezi duen duintasuna eskuratuko duen. Ez da zilegi ikasketak euskaraz egiteko eskubidea bermatuta ez egotea. Horrez gain, Leioako campuserako garraiobideak hutsune nabariak ditu, eta horren adierazle dira ikasleek egindako salaketa eta eserialdiak. Guk, txartel bakarraren alde egiten dugu, erabilera jarraikorra sarituz eta ikasleentzako tasak merkatuz. Bestalde, ez da normala bekak gutxitu eta masterrak zein kredituak etengabe garestitzea. Eusko Jaurlaritzak murrizketa handiak egin ditu arlo honetan. Estrategikoa bada unibertsitate propio bat edukitzea, beharrezko inbertsioak egin beharko ditugu. Guk hori argi daukagu.

PSE-EE: PSE-EEtik uste dugu Eusko Jaurlaritzak EHUren aldeko apustu tinko bat egin beharko lukeela. Guztion unibertsitatea da eta horregatik prestakuntza, ikerketa eta ezagutzaren transferentziarako baliabideak hobetu behar dira. Eta horretarako, beken politika  bat izan beharko genuke, baliabiderik ez duena, ez dadin goi-mailako hezkuntzarik gabe geratu. 2018-2021 Unibertsitate Planean, Leioako campusaren hobekuntzarekin aurrera egingo dugu, bere ahalmen zientifikoa bultzatuz. Horretarako, goi mailako hezkuntzara BPGren %1,5a zuzenduko dugu eta %0,5koa ikerkuntzara. Bestalde, titulazio hirueledunak zabalduko ditugu. EHU-Leioa eta Sestao eta Barakaldoren arteko tranbia jarriko dugu. Lerro honek ikasleen mugikortasuna errazteaz gain, bi ibai-ertzen komunikazioa hobetuko du.

PP*: Alderdi Popularrak 15 urte daramatza Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei zuzenketak aurkezten, behingoz, EHUrako tranbia egin dezaten. Oraindik ez dugu lortu, baina espero dugu irailaren 25ean hasiko den legegintzaldi berrian lortu ahal izatea eta horretan gabiltza. Ikasketa guztiak euskaraz egin ahal izateko aukera emateari dagokionez, gure ustez, ikasle bakoitzak izan behar du ikasketak zein hizkuntzatan egin nahi dituen erabakitzeko ahalmena. Batez ere, ingelesa sartzearen alde gaude; Euskadin, Hezkuntzak daukan gabezietako bat baita.

Elkarrekin Podemos*: Gure proposamenak ildo hauetatik doaz: hiru hizkuntzako eredurantz (euskara, gaztelania eta ingelesa) aurrera egitea; Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonala eta Irakasle eta Ikertzaileen euskalduntzea bultzatzea; gradu, master eta doktorego ikasleei Eusko Jaurlaritzak ematen dizkien beketan azken urteotan izandako murrizketak lehengoratzea; master-ikasketen matrikula-prezioak merkatzea, gradu-ikasketakaz parekatu arte; eta unibertsitatea I+G+B politiketan eragile nagusitzat jo dezaten bultzatzea. Sarbideei dagokienez, ezinbestekoa da arintzea tranbia, metro eta Bizkaibus bezalako garraio publikoetan egin beharreko inbertsioa.

Ciudadanos*: EHUko Leioako campusean benetako iraultza bizi izan dugu; horren bidez, lehen ez zegoen zerbitzu-multzo handia ezarri da. Hala ere, campus horri oraindino ere koxka bat gehiago estutu behar zaio. Har dezagun adibidetzat Zuzenbide fakultatea: ez da posible fakultatea Kazetaritzako eraikin zaharrera pasatu eta lekua goitik behera zaharberritu eta gero irakasleen bulego gehienek Medikuntzan segitzea, eta beste batzuk non eta Sarrikon. Gainera, ikaragarriena da zelan Aldundiak ahaztuta utzi dituen unibertsitarioak; askok 26 urte baino gehiago dituzte eta ezin du Gazte Bizkaibus abonu gaztea erabili, guri nahitaezkoa iruditzen zaiguna.

Eskualdeko hainbat herriri eragingo liokeen frackingaren erabilerari zer deritzozue?

EAJ-PNV: Euskadin ez dago haustura hidraulikorik, frackingik egiteko aurreikuspenik. Gure lur azpian daukagun gasa eskuratzeko, azken hamarkadetan egin den moduan, ohiko mekanismo edo tresna konbentzionalak erabiliz egitearen alde dago EAJ-PNV.

EH Bildu: Honetan argitasuna erakutsi dugu: ez dugu frackingik nahi. Lege propioa daukagu, herri mugimenduaren bultzadari eta iniziatibari esker. Egia da ez dagoela martxan, beste asko bezala espainiar Estatuak errekurritu duelako. Guk erakusten dugun argitasun hau, aldiz, ez du erakusten EAJk kudeatutako Jaurlaritzak. Frackingaren kontrako posizio teorikoa badu ere, ikerketak aurrera daramatza SHESA enpresa publikoaren bitartez, bideragarritasuna aztertzeko. EH Bilduk fracking gabeko Euskal Herria nahi du, eta horregatik deklaratu genuen Sopela fracking gabeko herria. Ezin dugu etorkizuna hipotekatu urte batzuetarako irabazi batzuengatik. Eta haustura hidraulikoaren teknika eredu honen paradigma da. Eredu energetikoa agortua dago, goazen sakoneko hausnarketa bultzatzera.

PSE-EE: Euskal Sozialisten eta PSOEren jarrera argia da. Ez badira ingurumen arloko berme osoak ematen –eta gaur egun ez dira ematen- ezin da frackingaren bitartez ustiapen- eta esplorazio-jarduerarik baimendu. Ez Euskadin, ezta Espainian ere. Arrazoi horregatik, jarrera maximalisten aurrean –inolako eraginkortasun ez baitute-, gu izan gara Legebiltzarrean defendatu dugunak, ingurumenarekin loturiko ahalmenak erabiliko ditugula, haustura hidraulikoa barneratzen dituzten proiektu guztiak legez oztopatzeko. EAJko gobernuari agintzen diogu ezin duela aurrekontuen euro bakar bat fracking bidezko ustiaketetara zuzendu.

PP*: Argi utzi behar da frackingak ez diola Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako edota Errioxako udalerri bat berari ere eragingo. Araba zen horretarako aukera zeukan lurralde bakarra; baina, onartu diren ingurumena babesteko neurriekin, erabat bideraezina da fracking teknika erabiltzea Euskal Autonomia Erkidegoan eta Espainiako gainerako lurraldeetan abian jartzea.

Elkarrekin Podemos*: Elkarrekin Podemosen jarrera argia dugu horren gainean: frackinga erabiltzearen erabat aurka gaude; hemen, Euskadin, eta gure lurraldearen gune mugakideetan ere bai. Gure akuiferoak eta ingurumena kutsatzeko arriskua benetakoa da eta ezin da beste alde batera begiratu. Energiaren kontsumoa gutxitzea da alternatiba, eta sortuko dena energia-iturri berriztagarriakaz lortzea.

Ciudadanos*: Ciudadanos praktika horren aurka dago, dituen ondorioengatik. Gas-hobi horien ustiapenak badakartza konponezineko ondorioak, ingurumen-inpaktua eta mugimendu sismikoak izateko aukera. Ciudadanos alderditik argi daukagu gure osasun fisikoa eta ingurumena ezin ditzakegula hipotekatu, zorupea teknologia horregaz ustiatzeagatik. Era berean, ezin dugu ahaztu 100.000 euskal herritarrek sinatu zutela jarduera horren aurka, Legebiltzarrean aurkeztu zuten Legegintzako Herri Ekimenean; izan ere, gu ezeren aurretik, euren ordezkariak gara. Gainera, administrazioek emandako baimenetan, ondare-arduren gaineko txostenak eskatuko ditugu; eta eremu horretan hartutako erabaki den-denak ikuskatuko ditugu modu eraginkorrean.

Alfredo Espinosa Urdulizko ospitalearen inguruko eztabaidetan, zer jarrera duzue?

EAJ-PNV: Urdulizko ospitalea martxan da jada eta Uribe eskualdeko biztanleen osasun-arreta hobetuko du. Eskualdeko 175.000 biztanleei emango die arreta. Osakidetzaren ospitale moderno eta funtzional honek 60 milioi euroko inbertsioa izan du. Azken 32 urteetan, Bizkaian ireki den ohedun zentro bakarra da, eta azken urteetan biztanleria-hazkuntza handiena izan duen eremuetako batera laguntza-baliabideak hurbiltzeko aukera emango du. Ospitaleak Osakidetzako 600 profesional baino gehiago izango ditu, eta kalitatezko beste 425 lanpostu sortuko dira. Urdulizko Udala parkinga aurten bertan eraikitzen hasiko da. Bizkaiko Foru Aldundiak ere autobus linea berria martxan jarri eta beste bi moldatuko ditu ospitalera ailegatzeko; baita metroa ere, hurrengo martxoan geltoki berri bat izango du Urdulizen bertan.

EH Bildu: Urdulizko ospitalea %100 publikoa, euskalduna eta kalitatezkoa. Hori da Uribe Kostako eta inguruko eskualdeetako biztanleek eskatzen dutena, baita sindikatuen gehiengoak ere. Ez da ulertzen ospitale berria irekitzea, eta hasieratik arreta euskaraz emateko gai ez izatea. Honez gainera, EH Bildutik pribatizazioaren alde hartutako neurriak salatu ditugu behin eta berriz. Soilik garbiketa zerbitzuen pribatizazioan 100.000 euroko gainkostua emango da Urdulizko ospitalean. Eta gainera, ez da kontuan hartu irisgarritasuna. Ez da autobus zerbitzuetan errefortzurik aurreikusi, eta metro zerbitzuarekiko lotura ere oso zalantzagarria da. Guk, finean, gure eskualdeko herritarrontzat oso garrantzitsuak diren zerbitzuak (larrialdiak, hemodinamika, onkologia...) emango dituen kalitatezko ospitale publikoa nahi dugu.

PSE-EE: Gogorarazi nahi dut Patxi Lópezen gobernua izan zela Urdulizen Alfredo Espinosa Ospitalea bultzatu eta eraikitzen hasi zena, hurbileko eta kalitatezko osasun zerbitzu bat Uribe Kostako 191.000 biztanleei eta Eskumaldeakoei eskaini ahal izateko. Beraz, bertako zerbitzu guztiak lehenbailehen garatu eta bukatzeko konpromisoa dugu. Horrela, langileen ordezkariekin hitzartutakoa beteko dugu. Ospitalera bertaratzeko garraio publikoa jarri nahi dugu, Urdulizko metro-geltokia ospitalearekin lotuko lukeen autobus-zerbitzu baten bidez. Horretarako, Bizkaibuseko lurraldeko lineak aldatu eta Erandio-Leioa-Ospitalea linea berri bat egingo dugu, ospitalea normal funtzionatzen hasten denean.

PP*: Alderdi Popularrak eskatuta hasi ziren Urdulizko ospitalea proiektatzen; espero dugu laster guztiz zabalik egotea eta zerbitzu denak eskaini ahal izatea. Getxon egotea nahiago genuen, hori delako bertan arreta emango dieten biztanle gehien dauzkan udalerria. Horrez gainera, irisgarritasunari dagokionez, lotura hobeagoak ditu Getxok, Urdulizekin alderatuz gero.

Elkarrekin Podemos*: Urdulizko ospitalea eraiki da osasun-ekipamendu berrien benetako behar bati  erantzuteko, baina zentrorako sarbide egokirik kontuan hartu barik. Udalerriko herrigunea ez da kolapsatuta geratu behar trafikoaren eraginez. Beharrezkoa da erakundeek auzo-kolektiboei entzutea eta elkarregaz konponbidea adostea; irtenbideak eragin beharko du ahalik eta kalterik txikiena hiritarren ongizaterako eta ingurumenerako.

Ciudadanos*: Ciudadanoseko kideok uste dugu ona dela beti zergadunaren dirua kontu erabilgarrietara bideratzen dela ikustea; eztabaida horretatik kanpo, kontu gutxi geratzen da, eta euren artean osasuna da garrantzitsuena. Baina, aldi berean, uste dugu badirela hobetzeko hainbat gauza. Seinalizazioa eskasa da, eta ospitalea dagoen kaleak ez dauka irteerarik gaur egun. Hori gutxi balitz, metroko autobusa nahiko urrun gelditzen da, eta ezarritako errepide-sarbideak ere eskasak dira.

Gainera, ez dugu ulertzen zelan zabaldu duten modu mailakatuan eta faszikuluka hain aurrekontu handiko horrelako zentro bat. Batez ere, erabateko tokoginekologia-zerbitzua ez egotea deitoratzen dugu.

Uribe Kostarako etxebizitza-politikari lotuta, zein iritzi eta proposamen dituzue?

EAJ-PNV: Etxebizitza politikaren testuingurua zeharo aldatu da azkeneko urteetan, ondorioz, etxebizitza-politikek estrategia berriak hartu behar dituzte, krisi ekonomikoak sortutako gizarte-larrialdiei lehentasunezko arreta emanez. Etxebizitza lortzea euskal gizartearen kezka nagusietako bat da oraindik ere, batez ere gazteen artean. Etxebizitza-merkatuaren bihurdurekin lotutako problemei, bizi izan dugun krisi ekonomiko eta finantzarioak sortutako arazoak gehitu behar dizkiegu. Testuinguru berri honetan, langabezia-tasa altuak ekarritako zailtasunak, finantzazio-traba handiak eta zorrak ordaintzeko arazoak izan ditugu bereizgarri.

Ondorioz, pertsona gehiagok zailtasunak ditu etxebizitza eskuratzeko, baita mantentzeko ere. Etxebizitza lortzeko zailtasunak dituzten talde berriak sortu dira, hala nola etxebizitza galtzen dutenak eta kreditua lortzen ez dutenak etxebizitza publikoa esleituta izan arren. Etxebizitza erosten dutenen kasuan ere, eskaera murriztu egin da; saldu gabeko etxebizitzen kasuan, berriz, eskaera gehiegizkoa da, etxebizitza libreen prezioak jaitsiz.

Hau guztia kontuan hartuz, EAJ-PNVren etxebizitza-politikaren misioa da merkatu librean etxebizitza duina, egokia eta irisgarria eskuratu ezin dutenei horretarako aukera ematea, eta batik bat krisi ekonomikoaren ondorioz beharrean dauden pertsonei emaeta. Horretarako, alokairua sustatzea da helburu nagusia, etxebizitza publikoa esleitzeko eredu nagusi gisa.

Era berean, eraikitako parkea hartu behar da oinarritzat, ahal den heinean, eta hiriak birgaitzea, zaharberritzea eta berroneratzea eragitea ezinbestekoa da, etxebizitzaren sektorean aritzen diren erakunde eta eragile guztiekin modu koordinatuan eta adostuan jardunda, betiere. 

Honen ondorioz EAJ–PNVren etxebizitza politika inspiratzen dituen printzipio nagusiak hurrengoak dira:

  • Pertsonen duintasunaren balioa, pertsona orok haren bizitza garatzeko leku bat edukitzea merezi du.
  • Alokairua bultzatzea, etxebizitza publikoa esleitzeko modurik bidezkoena den heinean. 
  • Hutsik dauden etxebizitzak okupatzeko premiazko neurriak ezartzea.
  • Eraikitako hiriak eta herriak balioan jartzea, etxeak birgaitu, zaharberritu eta berroneratzeko jarduerak bultzatzea, eta,
  • Administrazioen arteko koordinazioa, etxebizitza publikoaren gaineko erronkak modu eraginkorragoan lantzeko.

Helburu hauek lortzeko bi dira ardatz estrategikoak:

  1. Etxebizitza alokairu erregimenean lortu ahal izateko bultzada tinkoa, hutsik dauden etxebizitzen kopurua murriztuz.
  2. Birgaitze eredu berria eta iraunkorra bultzatzea, soziala, ekonomikoa eta integratzailea, gidalerro europarrekin.

Hasteko alokairu eskaera aipatu behar dugu. Uribe Kostaren kasuan, Bilbo–Metropolitano eremu barruan sartuta dago, eta 2016ko lehenengo hiruhilabetekoaren datuen arabera 3.785 eskatzaile daude alokairuan guztira. Eskaera honi erantzuna emateko lehenengoz etxebizitza publikoen parkea dugu, Eusko Jaurlaritzaren kasuan 12.000 etxebizitza inguru etxebizitza alokairuan daudelarik EAEn.

Bestetik, Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dituen alokairu babestutako etxebizitzak sustatzeko laguntzen bitartez udalek haien parke publikoa osatzeko aukera dute. Horren bitartez, Getxoko Udala Alango auzoan 145 etxebizitza eraiki ditu, gazteentzako alokairuan egiten den lehenengo promozio publikoa.

Bigarrenik, etxebizitza hutsak mobilizatzeko bi programa jarri ditu martxan Eusko Jaurlaritzak: Bizigune eta ASAP. Bi programa hauek xedetzat dute hutsik dauden etxebizitzei gizarte-erabilera ematea, hau da, etxebizitza duin bat arrazoizko prezio batean eskaintzea, eta merkatu librean sartzeko baliabide ekonomiko nahikoa ez duten pertsonengana zuzentzen da.

Bizigune Programak hurrengo abantailak ditu jabearentzat: errentamenduaren kudeaketa integrala, lehen errentaria sartzen den unetik errenta hilero ordainduko dela bermatzen da (450€/hilean gehienez) eta etxebizitza kontserbazio-egoera berean itzultzen dela ziurtatzen da.

Bestetik, ASAP Programaren bitartez Eusko Jaurlaritzak jabeei ziurtatzen die errentak kobratuko dituztela, defentsa juridikoa edukiko dutela eta akatsak konponduko direla, eta horretarako, aipatutako gorabeherak estaltzeko beharrezkoak diren aseguru-polizak kontratatzen ditu.

Bi programa hauek bultzatzeko, Alokabidek hainbat udalekin lankidetza-hitzarmen sinatu ditu 2014tik aurrera, horien artean, Getxoko Udalarekin; eta bide hau jorratzen jarraitu beharko dugu administrazioen arteko lankidetza sustatuz.

Aipatu dugun bezala, etxebizitza politiken bigarren ardatza birgaitze eredu berria sustatzea da. Horretarako Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Etxebizitzak Birgaitzeko 2013-2016 Renove Planaren helburu nagusiak hauexek dira: etxebizitza eta eraikinetako energia-eraginkortasuna areagotzea, irisgarritasun baldintzak hobetzea, gizarte-kohesioa indartzea eta enplegua sortzeko pizgarriak ematea.

Gaur egun, hiria eraikin berriekin handitzearen eta zabaltzearen kultura urbanistikoa aldatzeko adostasun sozial zabala dago, bai eta horren ordez dagoeneko existitzen diren eraikinak eta espazio finkatuak birgaitzea, berritzea eta zaharberritzea bultzatzeko beharrari buruzkoa ere.

Etxebizitza multzoaren gabezia nagusietako bat energia-eraginkortasunaren arlokoa da. Arazo horri aurre egiteko, Europar Batasunaren 2020rako Estrategia betetzea beharrezkoa da: CO2 isurpenak % 20 murriztea, energia-kontsumoa % 20 murriztea eta energia berriztagarrien erabilera % 20 handitu konpromisoak beteko dituen karbono isurpen txikiko ekonomia bat bultzatzea.

Etxebizitzen beste gabezietako bat irisgarritasuna da. Eraikinen % 34 bakarrik dira irisgarriak eta igogailua % 24k bakarrik dute, 2011ko erroldaren arabera. Horregatik, hiri-birgaitze politika bultzatzen jarraitzea premiazkoa da, bai etxebizitzak bai eraikinak eta haien ingurua irisgarria egiten laguntzeko, hobekuntza horiek adineko pertsonen eta mugitzeko arazoak dituzten pertsonen eguneroko bizitzan daukaten eraginaz jabetuta.

Ondorioz, birgaitze-politikak ikuspegi integratua izan behar du; hau da, energia-eraginkortasuna eta irisgarritasun unibertsala hobetzeaz gain, gizarte-laguntza barne hartu behar du.

Laburbilduz, EAJ-PNVren etxebizitza politikaren helburua gizartearen beharrak  asetzen dituen babes-etxebizitza parkea osatzea da, epe ertain-luzeko alokairua suspertzen duten estrategiak osatuz, eta bereziki eraikitako  parkea  ardatz hartuz.

EH Bildu: Kontuak argitzea eta epe luzerako zein garapen propioaren mesedetan egindako planteamenduak osatzea da gakoa. Herrien populazioaren eboluzioan oinarrituta, hau da, herrien beharrizanetan oinarritutako etxebizitza politikak behar ditugu, eskualdeko perspektiba landuz. Ez da normala Erandion hurrengo urteetan 500 biztanle gehiago izango garela aurreikustea, eta bertan 1.000 etxe huts inguru egonda, eraikitzen jarraitzea etengabe. Gainera, kirol eta aisialdirako proiektatutako esparruak okupatuz. Beste gakoetako bat jabetza da. Guk udalak eurak promotore izatearen alde egiten dugu, etxebizitza publikoen kopurua handituz horrela, horiek gehien bat alokairura bideratzeko. Gainera, bada garaia modeloari ere pare bat buelta emateko. Etxebizitza kolaboratiboen kasua daukagu hor aztergai.

PSE-EE: Gure politika, bai Uribe Kostaren kasurako, bai Euskadi osorako, etxebizitza-legean jasotzen da. Lege hori joan den legealdian bultzatu genuen eta etxebizitza duin bat alokairuan izateko edozein hiritarren eskubidea bermatzen du, betiere baliabiderik ez balu erosi ahal izateko. Ulertzen dugu etxebizitzak gizarte-funtzio bat duela, gobernuaren funtzio sustatzailea alokairu sozialera mugatu behar dela, eta gure herri eta hirietan berrikuntza lanak bultzatu behar dituela. Ondorioz, uste dugu beharrezkoa dela urbanizatu gabeko lur-sail berrien okupazioa eta bizitegi-eraikuntza sakabanatuak mugatu behar direla, ez baitira iraunkorrak eta kalte egiten dielako ingurumenari. Egoera hori bereziki Uribe Kostak pairatu izan du.

PP*: Gure politika datza guztiok etxebizitza arrazoizko prezioan izateko ahaleginak egitean, alokatzeko edo erosteko aukera izanez. Alokairuzko gizarte etxebizitzaren alde gaude; egin behar ez denaren adibide argia da Getxo. Espainia osoan etxebizitzak garestien dauzkaten udalerrien artean baitago Getxo.

Elkarrekin Podemos*: Eskualde honetan mugimendu sozial aberatsa dago; horrek argi eta garbi erakutsi du etxebizitza-politikek ez luketela egon behar etxebizitza berriak eraikitzeagaz lotuta, Lurralde Zati Planak eta Lurraldearen Antolamendurako Artezpideek aurreikusitako kopuruan bada. Alokairuaren aldeko apustua egin beharra dago, etxebizitzaren promozio publikoagaz eta erabilitako etxe hutsen merkaturatzeagaz batera. Beharrezkoa da hirigintza ulertzeko modu berri bat, Uribe Kostan eta Euskadin, oro har.

Ciudadanos*: Demagogia handia egin da gai honen inguruan; zehazki, Ahal Dugu eta EH Bilduren aldetik, bai udaletatik bai Aldunditik ere. Egia da etxebizitza hutsekin arazo larri bat dagoela, baina hori ez da konponduko jabeari Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) %150eko errekargua ezarriz, talde horiek proposatzen duten bezala. Konponbidea da etxebizitza horien jabeek boluntarioki Eusko Jaurlaritzaren Bizigune «gizarte-alokairurako» programari uztea. Horretarako, zerga-hobariak handitu eta etxebizitzaren truke Bizigune Programak ematen duen ordaina hobetu beharra dago; gaur egun, ordain horiek merkatuaren prezioakaz antza gutxi baitute.

Gure eskualdearen garapen ekonomikorako zer proposatzen duzue? Zein helburu duzue?

EAJ-PNV: Uribe Kostaren garapena sektore ekonomiko ezberdinen oreka mantentzetik dator. Eskualdeko puntako enpresak sendotzeko neurriak aurreikusten ditugu, bereziki autogintzan, kalitatezko enpleguari mesede egingo diolakoan, eta baita enpresa guneetan ekintzaileen jarduera bultzatzeko ere. Armintzako BIMEP azpiegituran, munduko lehen itsas parke teknologikoan, etorkizuneko proiektu berritzaileak abiatuko ditugu teknologia aurreratuena erabiliz eta nazioarteko inbertsioak erakarriz. Horrekin batera, zaintza berezia emango diogu bertako turismoaren sustapenari, nekazaritza turismotik natura, kultura eta surf esperientziak eskainiz. Landa garapenarekin batera, baserritarren eta ekoizleen lehengaietan oinarrituta, elikagaien industria eta gastronomia bultzatzeko egitaraua dugu, txakolinari zor zaion tokia emanez.

EH Bildu: Uribe Kostako ekonomia, batez ere udalerri batzuetan, hirugarren sektorean oinarritzen da gaur egun. Dibertsifikazioaren aldeko apustua egin behar dugu. Ezin gara zerbitzuen eta turismoaren eskualdea izan, aberastasun propioa sortu behar dugu. Honek ez dio erreferentzia egiten soilik industriari. Lehen sektoreari daukan garrantzia eman behar zaio, elikadura subirautzaren aldeko neurriak martxan jarriz, besteren artean. Finean, plan estrategikoez ari gara, sektore ezberdinetako protagonistekin batera diseinatu beharrekoak, tokian tokiko beharrizanak beharrizan globalekin uztartuko dituztenak.

PSE-EE: Ekonomia politika ezin da gizarte kohesiorik gabe ulertu. Akats bat da hazkundearen alde apustua egitea inolako mugarik gabe. Gure ongizateak eta garapen ekonomikoak behar duena da Euskadiko eskualde bakoitzak bere sare produktiboa indartsu mantentzea, eta ahalegin guztiak bideratzea berrikuntzaren bitartezko produktibitatea zein giza baliabideen kualifikazioa hobetzera. Uribe Kostak baditu bere aldeko baldintza onak industria aurreratzaile bat garatzeko; berrikuntzarekin lotuta dagoen industria bat indartzeko, bere sare produktibo eta ikertzaileaz baliatuta. Gazteen heziketa, enpresa-sorkuntzaren bultzada, bertako ingurumen- eta turismo-arloko baliabideen probetxua eta lehen sektorearen iraunkortasuna, PSE-EEren lehentasunezko ekintza lerroak dira.

PP*: Lanpostuak sortzea da gure lehentasuna: batetik, jarduera berriak erakarriz edo sortuz. Eta bestetik, enpresei eta langile autonomoei Uribe Kostan ezar daitezen lagunduz; baita komunitateko gainontzeko kideei ere. Gure apustuak dira enpresa-sortzaileak laguntzea eta gure ingurua kontutan hartuta moldatzea zergak. Gaur egun, Espainia osoko zergarik altuenak dauzkagu; eta horrek ez du lanpostuak sortzen laguntzen.

Elkarrekin Podemos*: Elkarrekin Podemosen defendatzen dugu hitzarmen bat, Euskadin modelo ekonomikoa eta produktiboa aldatzeko, honako oinarrien gainean: industriaren bultzada; balore erantzi handiko sektoreak; alderdi intentsiboak ezagupenean; eta goraka doazen jarduerak, hala nola gizarte-ekonomiari, enplegu berdeari eta zainketei lotutakoak. Uribe Kostako kasuan, lehenengo sektoreak ere  nahitaezko paperak jokatzen du. Autonomoek, Enpresa Txiki eta Ertainek eta herrietako komertzio txikiek zaintza berezia behar dute: horiek dira gure herriaren ehun ekonomiko nagusia.

Ciudadanos*: Uribe Kostakoak garenok jakin badakigu zein ederra den gure inguru natural eta arkitektonikoa. Era berean, kirol-tradizio handia duen eskualdea gara, klub handiakaz; horren muina Getxon dago, Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroan. Zerbitzuetako ekonomia-sektorea garatu behar dugu, kirolaren munduaren eta turismo ekologikoaren gainekoa; Getxo kirolaren inguruko buru litzateke eta Urdaibai turismo berdearen erreferentea. Baina, era berean, ez dugu ahaztu ikerketa, garapen eta berrikuntzaren (I+G+B) industria garbia; sektore horrek Aldundiaren babes handiagoa behar du.

Euskararen normalizazioaren bidean, zeren alde egingo duzue edo zein pauso emango dituzue?

EAJ-PNV: Euskara gizartearen bizitzan ohiko erabilera hizkuntza gisa indartu nahi dugu, eta behar dugu, gero eta lagun gehiagok erabiltzen duten hizkuntza izan dadin. Euskadiko berezko hizkuntza da, eta ez euskaldunok dugun bakarra izateagatik, euskaldunok bakarrik dugulako baino. Euskadiko beste hizkuntza batekin bizi da: gaztelera. Hizkuntzak ez dira baztertzaileak, ezta euskara ere. Berez, identitatearen eragile gisa ez du esklusibotasun izaerarik. Dibertsitatea, aniztasuna, osagarritasuna, integrazioa, gehikuntza eta antzeko terminoek agertzen dituzte hoberen hizkuntzen ezaugarriak; euskara ez da salbuespen. Benetako berdintasuna ezinbesteko baldintza da, hizkuntza aukeraketa herritar guztiek hizkuntza-askatasuna izan dezaten, bai euskara zein gaztelera, neurri berean, aukeratzekotan.

EH Bildu: Bada euskara enfrentamendurako tresna bezala erabili nahi duenik. Argi dagoena da badela hiztun komunitate bat, askotarikoa oso, bere eskubide propioak dituena, eta gainera, EAEko legedian horrela onartuta. Arazoa da eskubide horiek errespeta daitezen ez dela tresna nahikorik garatu. Ikuspegi estrategikoa da behar duguna. Oinarria bereziki hezkuntzan dago. Hiru eredutan oinarritutako sistemak ez du era egokian funtzionatzen, eta beraz sakoneko aldaketak behar ditugu. Ezin ahaztu, era berean, euskaraz ikasteko aukera izan ez duten euskal herritarrak. EH Bilduk helduen doako euskalduntzea nahi du. Normalizaziorako bidean daukaten papera dela eta, euskarazko komunikabideei egindako murrizketak bertan behera utzi eta inbertsio handiagoak egin behar ditugu.

PSE-EE: PSE-EEk euskara hiztunen eta, oro har, komunitatearen ondaretzat hartzen du. Euskadiko gizarte-errealitateari erreparatuz, elebitasun armoniko bat babesten dugu, euskararen sustapena eta euskararen erabilera askean oinarritzen dena. Horregatik, euskararen garapenerako adostasunak berritzea proposatzen dugu, gizarte-kohesiorako tresna izan dadin. Hizkuntzari dagokionez, badakigu zein izan den gure abiapuntua eta nora heldu nahi dugun: euskararen eta gazteleraren arteko bizikidetza armoniko eta produktiboa lortu nahi dugu. Hezkuntzan, administrazioetan edota hedabide publikoetan izandako adostasunei esker, euskal hiztunen kopurua hirukoiztu da. Eskuetan dugun egungo erronka da handituz doan euskararen ezagutza erabileran izan dezala bere isla. Hauxe funtsean hiztunen borondatearen menpe dago.

PP*: Euskararen normalizazioaren alde gaude; baina, ez gatoz bat euskara lanpostu bat eskuratzeko oztopo bihurtzearekin, ez administrazioan, ezta enpresa pribatuetan ere.

Elkarrekin Podemos*: Euskara euskal herritar denon ondarea da. Aurrera egin behar dugu hiru ildotan: bere erabilera soziala modu atseginean bultzatzen; pertsona oro  Administrazioari gura duen hizkuntzan zuzendu ahal zaiola bermatzen; eta euskara ikasteko helduek dituzten oztopo ekonomikoak ezabatzen. Azkenengo proposamen horrek ekarriko luke modu progresiboan ikasketen doakotasuna ezartzea, beti ere ikasgelara gutxieneko asistentzia bat ziurtatuko bada, edo mailak gaindituz gero.

Ciudadanos*: Gure eskualdeko edozein udalerriko kaleetatik paseatu besterik ez da egin behar konturatzeko euskarak gure jendearengan daukan garrantzia. Bizkaiko beste edozein lekutan ez da euskara Uribe Kostan baino gehiago bizitzen. Euskara gure parte ere bada, eta zaindu beharra dugu. Hala ere, euskararen ezagutza ezin da izan baldintza baztergarria garapen profesionalerako. Are gehiago, guk Getxoko Udalbatzatik bultzatu genuen proposamen bat, udal-langile denek baldintza berberetan euskara ikasi ahal izateko; ulertezina bada ere, proposamen hori atzera bota zuten.

* Oharra: Erredakzioan euskaratu dira alderdi hauen erantzunak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun