Frantziako kontsulari Aletxu Zobaranen egoeraz kexa azaldu dio Plentziako alkateak

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 22a, 20:28
David Crestelo eta Idoia Agiano, Plentziako eta Urduñako alkateak. ARGIA.EUS

Plentziako eta Urduñako alkateek, David Crestelo eta Idoia Aginako, gutuna helarazi diote Bilboko kontsul frantziarrari, Aletxu Zobaran eta Ibon Goieaskoetxea presoak Euskal Herrira ekartzea eskatuz, Argia.eus digitalak jakinarazi duenez. Zobaran gorliztarra udalerri bietan bizi izan da.

Gaur goizean izan dira Urduña eta Plentziako EH Bilduko alkateak Frantziak Bilbon duen kontsulatuan, Iparragirre kaleko 26. atarian. Valenceko kartzelan dauden Goieaskoetxea eta Zobaranen egoera larria azaldu eta Euskal Herritik ahalik eta gertuetan ekartzea eskatu diote, besteak beste.

Preso biak ekainean urrundu zituzten ireki berria den Valenceko presondegira, sorterritik 952 kilometrora. EH Bilduk azaldu duenez espetxe "esperimentala" eta izaera "suntsitzailea" du. Goieaskoetxeak eta Zobaranek erabakiari aurre egiteko borrokari ekin zioten abuztuaren 8an eta geroztik isolatuta daude ziegetan, bisitarik jaso gabe.

Mobilizazioak

Bitartean, bihar, barikua, beste elkarretaratze bat izango da kontsulatu beraren aurrean, goizeko 12:00etan. Era berean, zapatuan, Valenceko kartzelaraino martxa burutuko du Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak (AAEAM), Aletxu Zobaran preso gorliztarragaz eta Ibon Goieaskoetxea gatibu busturiarragaz elkartasunean. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen hausnarketa-egunean izango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun