Gaur goizean izan dira Urduña eta Plentziako EH Bilduko alkateak Frantziak Bilbon duen kontsulatuan, Iparragirre kaleko 26. atarian. Valenceko kartzelan dauden Goieaskoetxea eta Zobaranen egoera larria azaldu eta Euskal Herritik ahalik eta gertuetan ekartzea eskatu diote, besteak beste.
Preso biak ekainean urrundu zituzten ireki berria den Valenceko presondegira, sorterritik 952 kilometrora. EH Bilduk azaldu duenez espetxe "esperimentala" eta izaera "suntsitzailea" du. Goieaskoetxeak eta Zobaranek erabakiari aurre egiteko borrokari ekin zioten abuztuaren 8an eta geroztik isolatuta daude ziegetan, bisitarik jaso gabe.
Mobilizazioak
Bitartean, bihar, barikua, beste elkarretaratze bat izango da kontsulatu beraren aurrean, goizeko 12:00etan. Era berean, zapatuan, Valenceko kartzelaraino martxa burutuko du Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak (AAEAM), Aletxu Zobaran preso gorliztarragaz eta Ibon Goieaskoetxea gatibu busturiarragaz elkartasunean. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen hausnarketa-egunean izango da.