Janaria botatzearen arazoaz berba egingo dute eguenean Kultur Leioan

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 3a, 17:07

Etxerik gabekoen duintasunaren aldeko Beste Bi plataformako kidea da Sortarazi. © SORTARAZI

Datorren eguenean, urriak 6, Kultur Leioak elikagai-autonomiaren gaineko formazio-jardunaldi bat hartuko du. Ekimenak sakondu gura du gaur egungo gizartearen kontraesan batean: janaria alperrik galdu eta botatzen den bitartean, asko eta asko dira elikagai seguruak eta egokiak eskuratzeko arazoak dituztenak. Ekimena antolatu dute Leioa eta Getxoko Sortarazi elkarte erlijiosoak (bere 20. urteurrena da) eta EHUko Urban Elika ikerketa-taldeak, Leioako Udalaren laguntzagaz. Izen-ematea zabalik dago, plazak agortu arte. Besteak beste, jardunaldian arreta ipiniko diete Leioako Ostalaritza Eskolaren jarduera egokiei.

Antolatzaileek azaldu dutenez, azken hamar urteotan bi fenomeno deigarriak garatu dira paraleloki gure gizarte urbanoetan, elikadurari dagokionez. Alde batetik, "esponentzialki hazi dira alferrik galdutako elikagaien zenbakiak, 180 kilogramo izateraino pertsona eta urteko Europar Batasunean alferrik galdutako elikagaiak". Beste aldetik, "eta zoritxarrez", datu ofizialek adierazten dute europarren lautik batek "zailtasunak dituela modu autonomoan elikadurak eskuratzeko. Hau da, ez duela diru-iturririk modu jarraian elikagai seguruak eta egokiak eskuratzeko bere nutrizio beharrak asetzeko".

Sortarazik eta Urban Elikak egoera horretan erantzunik egokiena zein den aztertu dute: "biderik erabiliena eta zabalduena zera da; soberan dauden janariak biltzeko sistemak antolatu, ondoren banatu ahal izateko eta batik bat karitatearen ikuspuntutik jotzen dute. Badago, hala ere, gero eta gehiago zabaltzen ari den gizarte eta instituzioen hausnarketa bat, eredu horrek elikadura pobrezia duten jendearengan izan ditzaketen ondorioei buruzkoa. Janariak materialki horrela banatzea, egokia al da pertsonen eskubideen defentsaren ikuspuntutik? Gure inguruan dauden elikadura arreta ereduei begirada kritiko bat eginez uste dugu pertsona horien autonomia garatzen dutela? Zertan hobetu genitzake?".

Egueneko jardunaldia hausnarketarako foro gisa antolatu dute; gai horiei eta beste batzuei buruzkoa. Parte hartzaileak, batez ere, arlo publikoan eta pribatuan aritutakoak eta unibertsitateko ikerlariak izango dira.

Egitarauaren laburpena

  • 8:45-9:00 Izen-ematea, akreditazioa eta dokumentazioa jasotzea.
  • 9:00-9:15 Irekiera.
  • 9:15-11:00 Hitzaldiak (I). Ba al dago elikagai pobretasuna gure inguruan?
  1. "Alperrik -galtzearen kontrako borroka eta elikagai pobretasuna EBean: argiak eta ilunak", Leire Escajedo San-Epifanio. Urban Elika taldeko ikertzaile nagusia eta EHUko irakaslea.
  2. "Pertsonen ongizatean elikadura-segurtasun ezak dituen efektuak eta aurre egiteko martxan jartzen diren estrategiak", Marta Llobet eta Paula Duran. Bartzelonako Unibertsitateko Gizarte Langintzako Fakultateko irakasleak.
  3. "Oinarrizko beharren asebetetzea Euskadin", Ana Sofia Telletxea. Bizkaiko Caritaseko Analisi eta Garapeneko Sailaren arduraduna.
  • 11:20-12.30 Hitzaldiak (II). Elikagaiak jasotzen dituzten pertsonekin sortzen diren harreman ereduen inguruko hausnarketak.
  1. "Larrialdietarako bakarrik: Britainia Handiko elikagai-bankuak ulertu eta erabilera gutxiagotu", Jane Perry ikertzaile eta "Emergency Use Only" txostenaren egileetako bat.
  2. "Kritikarik gabeko elikagai elkartasuna eta dakartzan arriskuak", Karlos Pérez de Armiño. Hegoako zuzendari eta "First World Hunger Revisited" liburuaren egileetako bat.
  • 12:30-13:30 Mahai-ingurua. Elikadura pobrezia egoeran dauden pertsonei ematen zaizkien arreten esperientziak eta praktika onak (I).
  1. Patxi Mujica, Bizkaiko Elikagai Bankuko Gizarte Arloaren arduraduna.
  2. Evelia Cantera Salvador Karitateko Ahizpen Sukalde Ekonomikoaren zuzendaria.
  3. Mertxe de Renobales Gasteizko Zugaz jangela eta Tabgha elkartasun jakitegia.
  • 13:30-15:00 atsedena.
  • 15:00-16:30 Mahai-ingurua. Esperientziak eta praktika onak elikagai pobretasuna jasaten duten pertsonen arretan (eta II).
  1. Jarduera egokiak, gizarte erakundeei prestaturiko soberako janariak donatzerakoan: Leioako Ostalaritza Eskola. Cristina Askorbe.
  2. TAU Supermerkatu Soziala. Cruz Blanca Huesca Fundazioa.
  3. Hozkailu Solidarioa, Galdakaoko Boluntarioen Elkartea.
  4. Sortaraziren Oinarrizko Beharren Asebetetzerako Programan egiten den Laguntasun Soziala. Paola Dapena, Hazia Programaren arduraduna.
  • 16:30-17:00 Itxiera
  1. Nagore Bilbao Aizpuru Sortaraziren idazkaria.
  2. Juan Carlos Martínez Llamazares, Leioako Udal Gizarte Zerbitzuen Zinegotzia.

Izen-ematerako eta argibide gehiagorako: sortarazi@sortarazi.org edo info.urban-elika@ehu.eus.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun