Uribe Kostako txirrindularitza-taldeen lana mundiala dela baieztatu gura duenak beste froga bat izango du datorren astean, Katarreko Doha hirian jokatuko den Munduko Errepideko Txirrindularitza Txapelketan. Bertan, eskualdeko hiru talderen bost txirrindularik parte hartuko dute, denak Ramón González Arrieta Espainiako Selekzioaren hautatzaileak deituta. Hala, Alicia González eta Alba Teruel Lointekeko kideek iraupen-lasterketan jardungo dute, elite kategorian; Sheyla Gutiérrez ere eurakaz ibiliko da. Hitzordua urriaren 15ean da, zapatua, 13:45ean, Euskal Herriko orduaren arabera. Errioxako txirrindulariak Sopelako taldea utzi zuen aurreko denboraldian, AEBetako Cylance-gaz lehiatzeko. González eta Teruel lehenengo aldiz lehiatuko dira elite mailako mundial batean, aurretik biek parte hartu zuten 2013ko Florentziako mundialean, baina gazte kategorian. Erloju kontrako proban (urriaren 11n, martitzena, 14:15ean), Teruelek ez du parte hartuko.
Txirrindulari gazteak
Dohan, gazte-mailan jardungo dute Sopela-Ugeragako eta BioRacer-Elkar Kirolak taldeko hiru txirrindularik: Sandra Alonsok (BioRacer-Elkar Kirolak), Miriam Gardachalek eta Sara Martínek (biak Sopela-Ugeraga taldekoak). Eurakaz beste euskal herritar bat izango da, CAFeko Maialen Aramendia. Laurek Europako Txapelketa jokatu zuten pasa den hilabetean, Bretainiako Plumelec herrian; baina, lehenengo aldiz izango dira munduko txapelketa batean. Dohan, erlojupeko lasterketan lehiatuko dira datorren astelehenean, urriak 10, goizeko 10:30ean. Era berean, lau egun beranduago, barikuan, iraupen-lasterketa izango dute, goizeko 09:30ean. Munduko Errepideko Txirrindularitza Txapelketa hilaren 16an amaituko da.