11/2013 sumarioan, 47 pertsonen auzipetzeari helegitea jarri zioten defentsako abokatuek, baina atzera bota zuen Auzitegi Nazionaleko zigor salako 2. sekzioak, irailaren 26ko auto batean; De Pradak ez zuen bat egin erabakiagaz.
Auzipetuek "ETAren espetxe frontea" osatzen zuten, instrukzioa egin zuen Eloy Velasco epailearen arabera. Tesi hura berretsi du orain zigor salako 2. sekzioak, Concepcion Espejel eta Juan Pablo Gonz´lez epaileen babesagaz. De Pradak, ordea, ez du deliturik ikusi: auzipetzeak Poliziaren "interpretazio subjektiboetan" oinarritu izana kritikatu du, eta azaldu du aztertutako zantzuek erakusten dutela auzipetutako pertsona eta talde horiek ez direla "erakunde terroristako kide", eta lagundu ere ez dutela egin jarduera horretan: "Ez dira ETA".
Emilie Martin epaile frantsesak ere tesi horren alde dago. Hala adierazi zuen Paueko Auzitegiak (Frantzia), urriaren 18an, Francois Legrand epailea buru zela: "Egotzitako delituak ez datoz bat azterketa penal objektibo bategaz"; Espainiak bidalitako informazioan gertaeren eta delituen arteko "lotura logikorik" ez dagoela ebatzi zuten.
Alfonso Zenon abokatuak sarean nabarmendu duenez, adierazpen bi horietatik ateratako ondorioek auzipetu guztientzat balio dute. Eta, beraz, baita Arantza Zulueta abokatu lemoiztarrarentzat ere (Puerto III (Espainia) kartzelan daukate bakartuta 2014ko urtarriletik, 11/2013 sumarioa dela-eta, behin-behineko espetxealdian). Hura askatzeko eskaera ere ukatu du Auzitegi Nazionalak.
Horren harira, Zuluetaren behin-behineko espetxealdia luzatzeko arrazoirik ez dagoela ere esan zuen De Prada epaileak, eta Auzitegi Nazionalari dagokiola abokatu presoaren giza eskubideak babesteko neurriak hartzea.