Berdintasuna lantzen hasteko Ordenantza onartu du Mankomunitateak

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 3a, 12:30

Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasun Politikarako Ordenantza martxan ipini du Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak. Uztailean onartu zuten.

Uribe Kostan Plentziako Udala izan zen Berdintasun-ordenantza bat onartu zuen lehenengoa, 2014ko azaroaren 25ean, hain zuzen ere. Hurrengo hilabeteetan batu zitzaizkion Barrika, Lemoiz eta Urdulizko udalak, eta azkenik, iazko maiatzean, Gorlizkoa. Aurten, berriz, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak onartu berri du Emakume eta Gizonen Arteko Berdintasun Politikarako Ordenantza.

Uribe Kostako Mankomunitateko teknikari Esti Anitua Vallesek azaldu duenez, uztailaren 27an egindako Udalbatza Osoak onartu zuen testua, eta urriaren 13tik aurrera martxan dago. Uribe Kostako Mankomunitateak onartu duen eta abian ipini den Berdintasun-ordenantza EAEko Berdintasun Planak ezartzen duenagaz bat datorrela azaldu du Anituak, "baina gure eskualdeko beharrizanetara egokituta". Hala, onartutako testuak Mankomunitatea osatzen duten administrazioari, eta halakorik egonez gero, haren erakunde autonomo eta publiko guztiei aplikatuko zaie, baita Mankomunitateagaz lankidetza-hitzarmenak edo kontratuak izenpetzen dituzten erakunde pribatuei ere.

Berdintasun Zerbitzuak arlo ezberdinetan egin beharreko gauzak azaltzen ditu, besteak beste; Gizarte Zerbitzuetan indarkeria kasuetan nola jokatu, aurrera eroan beharreko hezkidetza-proiektuak edo jaietan berdintasunaren aldeko zeintzuk ekintza egin behar dituzten jasotzen ditu. "Berdintasun politiketan aurrera egiteko beste urrats bat da. Badakigu berdintasuna lortzeko arauak ez direla nahikoak, baina gutxienez aurrera egiteko pauso bat da", dio Berdintasuneko teknikariak.

Horrez gainera, Mankomunitatearen azpiegitura eta organo guztietan parekidetasuna zeharka lantzeko aukera ematen du Ordenantza berriak. Laburbilduz, onartutako testuaren helburua da emakumeen eta gizonen berdintasuna Mankomunitatearen esku-hartze arloetatik sustatzea. Hala, honakoak hartuko ditu: berdintasun-balioak sustatu eta bultzatuko ditu hezkuntza-eremuan; sexu-aukera eta genero-identitatearen askotarikotasuna errespetatzea; berdintasuna errespetatzen duen lekuko kirol-politika publikoa diseinatu eta ezarriko du; jaietan berdintasunaren alde jokatu; ingurumenean genero ikuspegia txertatu; eta indarkeria matxista zapaldu. Azken horretan, oldartze mota hori zer den definitu, jarduteko esparru orokorra identifikatu, neurriak egokitu, prebentzio, sentsibilizazio eta ikerketa lanak egin, prestakuntza bermatu eta baliabideak, arreta eta babesa eskaintzea aurreikusi du Mankomunitateak, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun