Bosgarren proba jokatu zen Legazpin, pasa den martitzenean. Hainbat lehiaketarako puntuagarria ez zenez, parte-hartzea txikiagoa izan zen. Bertan, Eider Merino Lointekeko txirrindulariak Elite mailako bigarren postua lortu zuen. Gizonezkoetan, Xabier Mendiaraz (Caravanas Erandio) eta Juan Carlos Eguiluz (Leioa Txirrintxu Elkartea) lehenengo eta hirugarren lotu ziren, Master 50 mailan; eta Andoni Jimenez (Unión Ciclista Erandio) nagusitu zen, Master 40 mailan.
Aurretik, Xabier Mendiarazek beste lasterketa bat irabazi zuen Master 50ean, zapatuan, Laudion. Eider Merinok Espainiako Koparako puntuak batzen segitu zuen, Eliteko hirugarrena izanda. Gazteetan, ordea, Saioa Gil eta Sara Yusto Bioracer Elkar Kirolakekoak bigarren eta hirugarren sartu ziren.
Federazioak oraindino daturik eman ez badu ere, domekan, Muskizen, Bioracer Elkar Kirolakeko taldekideek hainbat sari jaso zituzten: Alba Fernándezek garaipena lortu zuen, 23 urtez azpiko kategorian; eta, Saioa Gil hirugarrena izan zen, gazteetan.
Urriaren 23an, Abadiñon, Gil bigarren izan zen. Arflu Punta Galeak eta Sopela Ugeragak ere saria izan zuten: bigarren geratu ziren Sandra Trevilla, Eliten; eta, Paula Suarez, 23 urte azpikoetan. Bestalde, Andoni Jimenez eta Juan Carlos Eguiluz hirugarren sailkatu ziren.
Urriaren 8an abiatu zen ziklokrosaren denboraldia, Urduña Hiriko sariaren harira. Bertan, Saioa Gilek lasterketa irabazi zion Andere Basterra Sopela-Ugeragako lehiakideari, gazte mailan; Elite mailan, Lucia González Lointekeko kidea nagusitu zen; eta 23 urtez azpikoetan, Alba Fernandezek podiumeko hirugarren mailara igotzea lortu zuen. Gizonezkoetan, Andoni Jimenez eta Xabier Mendiaraz nagusitu ziren, Master 40 eta Master 50 mailetan, hurrenez hurren.